naiz
GENEVA

Hizkuntza-komunitate guztientzat aitortza aldarrikatu du Paul Bilbaok Nazio Batuen Erakundean

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Giza Eskubideen Batzordeak sustatutako Gutxiengoen Aferetako Foroan parte hartu du eta bertan hizkuntza-komunitate guztien aitortza eta bermerako mekanismoak aldarrikatu ditu.

Paul Bilbao, NBEren Gutxiengoen Aferetako Foroan. (KONTSEILUA)
Paul Bilbao, NBEren Gutxiengoen Aferetako Foroan. (KONTSEILUA)

Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusi eta ELEN –42 hizkuntza-komunitate biltzen dituen Europako Hizkuntza Berdintasunaren aldeko Sarea– erakundearen lehendakariordeak NBEren Giza Eskubideen Batzordeak sustatutako Gutxiengo Aferetako Foroan hitzaldia eskaini du.

Bilbaoren parte-hartzeak bi ardatz izan ditu: batetik, gatazken konponbidean eskubide kolektiboen aitortza urrats eragingarria dela azaldu du eta, ildo horretan nabarmendu duenez, hizkuntza-komunitateen aitortza eta horien babeserako mekanismoak «nahitaezko tresna» dira gatazkak saihesteko. Horregatik, nazioarteko erakundeen hainbat dinamika kritikatu ditu. «Badirudi nazioarteko komunitateak lehenetsi izan duela desagertzear dauden hizkuntzen zerrenda egitea eta, ez ordea, hori saihesteko beharrezkoak diren arauak abian jartzea, beti ere hizkuntza-komunitateek beren hizkuntzetan bizitzeko duten eskubidea askatasunez egikaritu ahal izateko», esan du.

Bestetik, Estatu frantsesaren adibidea partekatu nahi izan du foroan bildu diren munduko laurehundik gora parte-hartzaileekin. «Frantziako Estatuak ukatu egiten ditu eskubide kolektiboak, eta, horren ondorioz, Eskubide Zibil eta Politikoen Nazioarteko Itunean edota Haurren Eskubideen Deklarazioan babesgabe uzten ditu Estatuko hizkuntza-komunitate gutxiagotu guztiak, eta beraz, Foroan denbora guztian aldarrikatzen ari diren gutxienekoen kontra egiten du», salatu du.

Bilbaok gogoratu du NBEren hainbat batzordek gomendio zehatzak egin izan dizkiotela Parisko Gobernuari jarrera hori aldatzeko eta eskubide kolektiboak aitortzeko, baina oraindik ez dituela bete.