Nerea GOTI
BILBO

Lau emakumezko eta lau gizonezko bertsolari Miribillan Bizkaiko Txapela janzteko gogoz

Zapatuan Bilbao Arenako taula gainera igoko diren zortzi bertsolariak «gogotsu» azaldu dira kirol aretoan bertan. Ondoan txapela jarriko dien Kristina Mardaras izan dute. Bertsolari iurretarrak onartu duenez «ohore» bat izateaz gain, «final emozionantea» izango da Miribillako hau.

Bizkaiko finalean izango diren zortzi bertsolariak. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)
Bizkaiko finalean izango diren zortzi bertsolariak. (Luis JAUREGIALTZO/ARGAZKI PRESS)

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako Finaleko zortzi bertsolariek agerraldia egin dute gaur Bilbao Arenan, zapatuan bertan izango duten saio nagusirako nolabaiteko lehen kontaktu batean eta  barruko sentsazioak azaldu dituzte egun handira begira. Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Fredi Paia, Iratxe Ibarra, Jone Uria, Oihane Bartra, Onintza Enbeita eta Xabat Galletebeitiaren ondoan Kristina Mardaras txapel ipintzailea izan dute. Iurretako bertsolariak plazan zein «isileko beharrean» emandako lana aitortu nahi izan du Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, eta jarri dioten eginkizuna «ohore bat» dela nabarmendu du berak. Esan duenez, «ohore bat da edozeini txapela ipintzea», baina onartu du oso berezia izango litzatekeela berarentzat lehenengoz Bizkaiko txapelketa emakume bati ipintzea. Paia «errebeldeari» txapela jartzea ere gustatuko litzaiokeela ere onartu du txantxa giroan. «Onartu behar dut urte askotan jostun lana egin dudala bertsolaritzaren barruan, josi eta agertu ere, lehenago gehiago orain baino» azaldu du Mardarasek, aurtengo txapelketaren leloa den «josi» hitza oinarri hartuta.

Bertsolari guztiek gogo handia erakutsi dute zapatuan taula gainera igotzeko, saio on bat egitera eta gozatzera, lanarekin norberaren barrura eta kanpora begira pozik geratzea da gehien errepikatutako helburua, eta Kristina Mardaras aurrean txapela handiarekin aurkitzearen «luxua» nabarmendu dute.

Zaleentzat oharrak

Antolaztaileek zenbait ohar zabaldu dute zapatuan Miribillara bertaratuko direnentzat. Sarrerei dagokienez, «jendeari lasai ibiltzeko mezua» igorri dute antolatzaileek. Azaldu dutenez, interneten bidez barikura arte salgai egongo dira, eta egunean bertan 14.00etatik aurrera Miribillan bertan egongo dira salgai.

Zuzeneko emankizuna emango du Bertsoa.com atariak arratsaldeko 17.00etan bertan eta ordubete beranduago ETBk.

Miribillako ateak 16.00etan zabaluko dira eta «gomendatzen da jendea goiz ibiltzea, jende asko hurreratuko da-eta».