NAIZ
BILBO

‘BesteBi’ plataformak omenaldia egin dio Bilbon astelehenean hil zen etxerik gabeko pertsona bati

Elkarbizitzaren plazan elkartu dira ‘BesteBi’ plataformako kideak azken astelehenean Bilbon zendu zen etxerik gabeko pertsona bati omenaldia egiteko. 2013ko azarotik kalean izan den lehenbiziko heriotza izan zen Bizkaian.

‘BesteBi’ plataformak Elkarbizitzaren plazan egindako omenaldia. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)
‘BesteBi’ plataformak Elkarbizitzaren plazan egindako omenaldia. (Luis JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS)

‘BesteBi’ plataformak azken omenaldia egin dio Bilbon astelehenean hil zen etxerik gabeko pertsona bati. Elkarbizitzaren plazan elkartu da egoitza bazterkeriaren kontrako eta etxerik gabekoen aldeko plataforma.

Hildakoaz asko ez zekitela adierazi dute, Enzo izena zuela eta jatorri italiarra zuela. Astelehenean zendu zen Bilboko kutxazain batean 50 urte inguru zituela. Adierazi dutenez, azken 15 urteetan egon da Bilbon eta azkeneko hilabeteetan kaleko hezitzaile taldearekin «harreman puntualak» izan ditu.

Gogora ekarri dute etxerik gabeko pertsona gehienek «bizi-ibilbide konplexuak» dituztela eta horietako askok denbora luzea daramatela «zailtasunen kontra borrokan». Zentzu honetan azpimarratu dute etxerik gabeko pertsonen bizi itxaropena biztanleriaren batez bestekoa baino 25 urte txikiagoa dela.

Hau dela eta, deia egin nahi izan diote gizarteari etxerik gabeko pertsonak «ikusteko gai izan gaitezen» eta modu honetan, «gizarteratze prozesuan lagundu».