Julene LARRAÑAGA | 7K

Sarearen korapiloak

Bi bizitza izatera igaro gara: lurtarra bata, digitala bestea. Hala ere, ahaztu egiten zaigu identitate digitala fisikoa beste zaindu behar dugula, eta, ondorioz, bizi dugun aro digitalaren aurretik planteatzen ez genituen arazoak ari zaizkigu agertzen. Sarean izan ditzakegun arriskuei buruz hitz egin digute alor hau gertutik ezagutzen duten profesionalek.

Sarearen korapiloak.
Sarearen korapiloak.

Internet eta sare sozialek gure bizimodua aldatu egin dutela begi bistakoa da. Goizean jaiki eta Whatsapp-i edo Facebook-eko profilari begirada bat ematea gosaria egitearen pareko bilakatu da askorentzat. Dela lanerako, komunikatzeko edo aisiarako, asko gara Internet egunero darabilgunak. Zalantzarik gabe, ugariak dira Internetek eskaintzen dizkigun aukerak, baina mehatxuak ere bai. Sarearen arriskuei buruz hitz egitean, are gehiago larritzen gara adin txikikoak tartean badaude. Datuen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoko hamar gurasotatik zortzi seme-alaben Interneten erabilerarekin oso edo nahiko arduratuta daude, eta kezka berdintsua dute irakaskuntzan ari diren profesionalek ere.

Adin txikikoak estu lotuta daude sarera; horrekin jaio dira eta horrekin hazten eta hezten ari dira. Onerako eta txarrerako, natibo digitalak dira gaur egungo gaztetxoak, eta horietako asko konektatuta daude uneoro. Erraz maneiatzen dute Internet, eta gero eta sarbide errazagoak eta ugariagoak dauzkate bertara. Bere garaian «kontrolatuta izateko» gurasoek oparitzen zizkieten mobiltzarrak historia dira, eta mugikor azkarrak darabiltzate orain esku artean. Whatsappen bidez partekatzen dituzte mezu, argazki eta bideoak; baina, aplikazio horrez gain, beste asko ere trebetasun handiz darabiltzate: Facebook, Instagram, Snapchat, Twenty, eta abar. Hitz egiten ez ezik, beste edozertan xahutzen dute beren hileroko kuota. Eta noski, Internet zenbat eta gehiago erabili, gero eta nabarmenagoak dira mundura irekitako leiho honen bi ertzak: aukerak eta arriskuak.

Internet seguruago baten alde. Internet adin txikikoentzat toki segurua izan dadin lan egiten du EU Kids Online taldeak, eta horretarako, Europako herrialde desberdinetako ikerlarien laguntza dauka, tartean EHUkoena. Maialen Garmendia EHUko irakaslea da taldekideetako bat, 2006an EHUko lantaldea osatu zenetik. Garai hartan Europako hemezortzi estatu zeuden proiektu honetan, Garmendiak azaldu duenez. «Sarean adin txikikoen segurtasuna hobetzeko Europako Batzordeari aholkuak ematea da gure helburua. Horretarako, estatu desberdinetako umeak eta beraien gurasoak elkarrizketatzen ditugu. Hala, adin txikikoen eta Interneten inguruko ikerketak egin, datuak atera eta aholkularitza lana egiten dugu. Batez ere txikienek Interneten zer-nolako erabilera egiten duten aztertzen dugu, jakinik teknologia berriekin zenbat eta esperientzia gehiago izan, orduan eta aukera gehiago izango ditugula arriskuak identifikatu eta hauei aurre egiteko», argitu du Garmendiak.

2014an, EU Kids Online taldeak egindako azken ikerketan 33 herrialde aztertu zituzten 150 ikertzailek. Adin txikikoek sarean zein arrisku izan ditzaketen ikertu, eta horien aurrean zein tresna eta jarrera indartu behar diren ondorioztatu dute. Egun, arrisku nagusietako bat pribatutasunaren ingurukoa dela azpimarratu du Garmendiak. «Gure lehen kezkak Interneten erabilera gero eta pribatuagoarekin du zerikusia. Izan ere, Europako beste zenbait herrialderekin konparatuta, ikusten duguna da Estatu espainolean gurasoek denbora gutxiago ematen dutela seme-alabekin hauek Interneten dabiltzanean. Erabilera gero eta pribatuagoa da orokorrean, baita adin txikikoen artean ere; eta horrek, bistan denez, arriskuak areagotu egiten ditu», azaldu du.

Edozein lekutatik Internetera sarbidea ahalbideratzen duten smartphone edo tablet-en gisako gailuen ugaritzea da horren arrazoia, Garmendiaren iritziz. «Azken bizpahiru urteotan, nabarmen hedatu da gailu horien erabilera. Dena den –jarraitu du Garmendiak–, kontuan hartu behar da ikerketa hauekin hasi ginenetik asko aldatu direla gauzak. Gure kalkuluen arabera, sare sozialen erabilera masiboa 2009tik aurrera izan zen. Orain, ordea, ikusten ari gara berez sare sozial bat ez den aplikazio bat, Whatsapp alegia, beste guztien artean nabarmentzen ari dela, batez ere gazteenen artean. Sare sozial bat ez bada ere, kontuan izan behar da Whatsappek Interneteko konexioa behar duela. Beraz, eta honi gailu teknologikoen garapena gehituta, argi geratzen da hiperkonektatuta bizitzera igaro garela», ondorioztatu du.

EU Kids Online taldeak argitaraturiko azken txostenaren arabera, sareko arriskuak oso modu desberdinean hautematen dituzte pertsona helduek eta adin txikikoek. Are gehiago, «arriskuen pertzepzioan alde nabarmenak» daudela uste du Garmendiak. «Garbi dago gurasoek zenbait eduki ez dituztela egokitzat jotzen seme-alabentzat. Aldiz, eduki biolentoen edota izaera sexualeko irudien aurrean, nerabeek beren burua babestuta ikusten dutela adierazi ohi digute, hau da, eduki horiek beraiengan eragin handirik ez dutela onartu digute. Bestelako kezkak azaldu ohi dituzte gehiago, hala nola identitate ordezkapena, bullyinga...». Horrela ba, eta Garmendiaren iritziz, nerabeek ez dute helduek arriskutzat jotzen duten hori mehatxutzat hartzen, nolabait ere, eduki horiek ekiditeko gai direla uste baitute.

Pornografia eta «bullying»-a. Baina arriskuak egon badaude, eta, esan bezala, Internet zenbat eta gehiago erabili, orduan eta ugariagoak dira arriskuok. EHUko ikerlariek honako hauek identifikatu dituzte, besteak beste: irudi sexualak (irudi erotikoak, pornografia, parafiliak, sexualitatearen fribolizazioa), groominga (pertsona helduen partetik eduki sexuala duten mezuak jasotzea), pertsona berri ezezagunak ezagutzea edo haiekin geratzea, identitate ordezkapena, eta abar. «Argi dago gaur egun nerabeek inolako arazorik gabe eskura ditzaketela izaera sexuala duten edukiak Interneten», onartu du Garmendiak. «Hauek, maila batean, beren sexualitatea eraikitzeko baliagarri izan daitezke, baina hainbat kasutan eduki sexual bortitzekin ere egin dezakete topo, eta hauek, noski, ez dute inolako eragin positiborik», jakinarazi du. Umeak eta Internet aipatzean sortzen den kezka nagusia pornografia dela dioen arren, Garmendiaren iduriko, «oro har, eta oso erasokorra ez bada, pornografia ez da horren larria, nahiz eta hobe den ekiditea. Badaude gauza larriagoak, gure ustez», adierazi du.

Baina zer diote gazteenek? Bada, Garmendiak eta bere taldekideek eginiko ikerketen arabera, bullyinga, edo kasu honetan ciberbullyinga litzateke gazteenek sarean ikusten duten mehatxurik handiena. EHUko ikertzailearen esanetan, gainera, are larriagoa izan daiteke ciberbullyinga ohiko bullyinga baino. «Nahiz eta oraindik ciberbullinga baino ohikoagoa den bullinga, aurrez aurreko erasoei telefono bidezko jazarpena gehitzen zaie sarritan, eta horrek ondorio latzagoak izan ditzake. Alde batetik, digitalki gauzaturiko erasoa etengabea izan daitekeelako, astean zazpi egunez eta egunean 24 orduz pairatu daitekeelarik. Eta, bestetik, parte hartzaile bat baino gehiago izan ditzakeelako, nahiz eta erasotzailea bakarra izan. Erasoa ikusten dutenak asko badira, are min handiagoa eman ahal dio hori pairatzen duenari», ondorioztatu du Garmendiak.

Gakoa, heziketan. Nola bihurtu Internet toki seguruagoa? Horixe EU Kids Online taldearen helburua; eta horretarako, beldurrean baino, heziketan jarri behar da indarra, Garmendiaren ustetan. «Haurrak babestea oso zaila eta nekeza da, hori baino eraginkorragoa litzateke arrisku egoeren aurrean nola jokatu beharko litzatekeen erakustea: aipatu ditugun egoeren aurrean zer egin, nora jo… Interneten zuhurtasun handiagoaz jokatu dezaten umeak heztea da giltza, azken batean». Ikertzailearen esanetan, sarean mugitzeko abilezia sustatu behar da gazteen artean, era horretan, arriskuei aurre egiteko tresnak ere eskaintzen ariko garelako. Garmendiak dioenez, guraso asko kontu honekin «itsutzen» ari dira, eta okerreko erabakiak hartzen dituzte askok. «Adibidez, sarritan Internet erabiltzea debekatzen zaie umeei, baina gaur egun umeak sarean ibil ez daitezen saiatzea alferrikakoa da; eta ez hori bakarrik: egungo gizartean ume bat Internetetik kanpo hezteak ez dauka zentzurik. Internet gure errealitatearen parte bat da eta ezin dugu albo batera begiratu edo itsuarena egin».

Debekuen gainetik, beste bide batzuk lantzea proposatzen du Garmendiak. «Garai batean telebistarekin egiten zen berdina Internetekin egitea aukera bat izan daiteke; hau da, bere erabilera mugatzea edo otorduetan mugikorra leku batean uztea, adibidez. Duela urte batzuk gurasoei ematen zitzaien beste aholku bat ordenagailua etxeko egongelan jartzea zen, baina smartphone eta tabletak nagusitu direnetik, horrek ez du zentzurik orain», jakinarazi du. Azkenik, eta umeak Internet erabiltzen gero eta lehenago hasten direla negatibotzat jotzen bada ere, honek bere alde onak izan ditzakeela uste du Garmendiak. «Izan ere, 15 urteko nerabe batekin baino askoz errazagoa da 9 urteko haur batekin Interneti buruz hitz egitea. Beraz, gurasoak hasi daitezke adin horretan umeekin gaiari buruz hitz egiten», dio.

Komunikabideetan «gazteak eta Internet» hitzak aipatzen diren aldiro, kutsu negatiboko albisteak entzuten ohituak gaude. Hala ere, Ianire Estebanez blogari eta ziber-ekintzaileak argi dauka: «Berez, ezin da esan Internet eta sare sozialak txarrak edo onak diren, erabileran dago gakoa; beraz, mezua ezin da beldur hutsera mugatu, are gehiago jakinik teknologia berriak gaztetxoentzat erlazionatzeko bide garrantzitsua direla gaur egun. Ezin dugu ahaztu gazteenentzat Interneten nortasuna eraikitzea garrantzitsua dela. Maiz asko erakusteko beharra sentitzen dute; hala, sarritan, argazkiak edo beraiei buruzko kontuak gehiegi pentsatu gabe sareratzen dituzte, eta gero arazoak sortzen dira. Hori gertatzen da askok uste dutelako beste aldean soilik lagunak daudela; baina argi dago beste jende asko ere badagoela: lagunak, lagunak ez direnak, enpresa komertzialak, eta abar», ohartarazi du Estebanezek.

Blogari gazte honen iritziz, Internetek hartu duten dimentsio ikaragarriak zaildu egiten digu %100ean kontziente izatea benetan zertan ari garen sarean gaudenean. «Esango nuke, orokorrean, eta batez ere sare sozialen kasuan, jakitun garela espazio publiko batean ari garela; badakigu publikatzen duguna besteek ikus dezaketela, baina ez dakiguna da zenbat pertsonengana iritsi ahal garen, eta egiten edo esaten dugunak zein interpretazio eta ondorio izango duen», dio Estebanezek. Izan ere, eta sare sozialen kasuan batik bat, sarritan besteek egiten dutenak ere baldintzatzen gaitu. «Gure identitate digitala ez dago soilik gure esku, ezagutzen gaituzten guztien esku baizik, eta haiek guri buruz esan edo egin ahal dutena ezin dugu kontrolatu», azaldu du. Hala ere, orokorrean, Estebanezek ez du uste arriskuekiko inkontzienteak garenik. «Arriskuak badaudela badakigu eta, hala ere, sarean bizitzea erabaki dugu, baina ez dut uste hau txarra denik. Bizitzan mila arrisku daude, bada horiek ezagutzea da gakoa, ez ihes egitea. Uste dut baloratu behar dela teknologiak zer ematen digun, zer kentzen digun baino gehiago. Eta, hortik aurrera, erantzukizunez jokatu», bukatu du Estebanezek.

Legea, atzetik. Jon Artatxok ondo baino hobeto ezagutzen ditu sarean erabiltzaileek izaten dituzten arazoak, izan ere, teknologia berrietan espezializaturiko abokatua da, eta gogor aritzen da bere bezeroen eskubideak defendatzen. Beste alor batzuetan dihardutenen kopuruarekin alderatuta, oraindik ere Euskal Herrian gutxi dira teknologia berrietan jarduten duten abokatuak, besteak beste, fenomenoa berria delako. Baina gorantz doa kopurua, berria izan arren, indar handia hartzen ari den eremua baita. «Facebookek 600 milioi erabiltzailetik gora ditu dagoeneko eta, logikoa denez, arazoak ugarituz doaz», dio abokatuak. Hala ere, eta errealitate berri samarra izanik, zailtasunak ugariak direla onartu du: «Arazoa da legedia garai berrietara egokitu gabe dagoela, une honetan ari baitira eskubide digitalak garatzen. Adibidez, sare sozial batetik komentario sinple bat ezabatzeko operazio pila bat egin behar izaten ditugu askotan. Arlo honetan egitura juridikorik ez dagoenez, ezjakintasun erabatekoan aritzen gara batzuetan. Beste arlo batzuetan oso argi daude gauzak: zein epaitegira jo, zein elementu aztertu, eta abar. Baina gai hauetan ez dago prozedura jakinik, eta horrek lan handia eta etengabe ikertzen aritzea exijitzen digu. Beraz, esan daiteke abokatu batentzat sekulako erronka dela Internet eta sare sozialen arloan aritzea», onartu du Artatxok.

Orotariko kasuetan lan egitea egokitu izan zaiola dio Artatxok, bai partikularrentzako eta bai enpresentzako. «Partikularren kasuan, adibidez, bezeroek beraien inguruko komentario negatiboak, mehatxuak edo argazki desegokiak agertzen direnean jotzen dute guregana, horiek ezabatzeko eskatuz», azaldu du. “Jende arruntarekin” lan egiten duen arren, bere bezeroen artean profil mediatikoagoak nagusitzen direla onartu du, hala nola kirolariak, politikariak edo telebistan agertzen den jendea. «Azken batean, mediatikoa bazara, errazagoa da arazoak agertzea. Zenbat eta ikusgarritasun handiagoa, arriskua ere handiagoa. Sare sozialetan 100.000 jarraitzaile badituzu, kontuz horrekin», ohartarazi du Artatxok. Azkenaldian esku artean dituen kasuen inguruan galdetuta, nortasun ordezkatze kasuak aipatu ditu abokatuak: «Norbaitek zure izena hartu eta argazkiak jartzea edo iritziak zureak balira bezala ematean datza nortasun ordezkatzea. Askotan, gainera, norbere ideologiarekin zerikusirik ez duten iritziak izaten dira. Horrelako kasu dexente ikusi ditugu azkenaldian», kontatu du.

Hil ondoren, zer? Arestian aipatu bezala, bi nortasun edo bizitza izatera iritsi gara: lurtarra bata, eta digitala bestea. Hala ere, sarritan, bizitza lurtarra amaitzeak ez du bizitza digitalaren amaiera ekartzen. Izan ere, zer gertatzen da pertsona baten sare sozialetako datuekin, bera hiltzen denean? Bitxikeria dirudien arren, kontuan hartzekoa da gaia. Izan ere, Artatxoren hitzetan, «Facebookeko 1,7-2 milioi erabiltzaile inguru hilko dira aurten». Zer gertatzen da jende horren guztiaren profil pertsonalekin? «Oro har, hildakoen arrastoa denbora luzean mantentzen da sarean, bai behintzat haren senide edo gertukoenek hori saihesteko zeru-lurrak astintzen ez badituzte. Hala, hil ondoren ere, sare sozialetako profiletan lagunen mezuak jasotzen jarrai dezakezu, eta, noski, zure informazioa eta kontaktuak luzaroan egon daitezke ikusgai, denen eskura», azaldu du Artatxok.

Eskubideetan jasoa badago ere, hil direnen profilak ezabatzeak denbora eta esfortzua eskatzen du askotan. Bitartekoa zein den edo nora jo behar den jakitea izaten da sarritan erabiltzaileen artean zalantza gehien sortzen duena, Artatxoren esanetan. «Sare sozial gehienek erreklamazio zerbitzua dute, baina zaila eta nekosoa da haiengandik erantzun azkar bat lortzea. Beren helburua erabiltzailea nekatzea eta nazkatzea izaten da. Hala ere, denetarik dago: badira sare sozial batzuk horrelako kasuetan gehiago kolaboratzen dutenak, eta beste batzuk gutxiago. Twitterren kasuan, adibidez, ez da oso erraza izaten, hildako pertsonaren heriotza-ziurtagiria eta haren familiakoa zarela egiaztatzen duen dokumentua aurkeztu behar izaten baita pertsona horren kontu bat desaktibatu edo bajan eman nahi bada. Baina pauso batetik bestera hiru edo lau hilabete igaro daitezke», kontatu du Artatxok. Bitxikeria moduan, azken urteetan «herentzia digitalak» ikusten hasia dela kontatu digu; hau da, gero eta kasu gehiagotan jendeak testamentuan erabakita uzten duela nork kudeatuko dituen beren sare sozialetako kontuak beraiek hiltzen direnean. «Hori da azken moda, eta etorkizunean gero eta gehiago ikusiko dugu», ziurtatu du Artatxok.

Datuak, altxor preziatu. Interneten sortzen diren arazo askoren oinarrian batez ere arrazoi ekonomikoa dagoela uste du Artatxok. Hala, oinarrizko talka interes horien eta norberak bere pribatutasuna mantentzeko duen eskubidearen artean sortzen dela uste du. «Konturatu gabe ere, sare sozialetan gure datu asko uzten ditugu, eta ikuspegi komertzialetik hori sekulako altxorra da. Mundu osoan 600 milioi pertsonak baino gehiagok darabilte gaur egun Facebook, bada imajinatu horrek duen balio ekonomikoa. Izan ere, profil baten 40-50 daturekin, atzean dagoen pertsonaren inguruan eskuratzen dugun informazioa ikaragarria da, eta horrek ekonomikoki sor lezakeen interesa ere halakoxea. Ni konbentzituta nago datu horiek direla, edo izango direla, XXI. mendeko petrolioa, hain dute balioa handia», adierazi du Artatxok. Horrez gain, gero eta enpresa gehiago datu baseen negozioan murgiltzen ari direla ere azpimarratu du, alor honetan «interes ugari» daudela argudiatuz.

Interes horien eta norberak bere pribatutasuna mantentzeko duen eskubidearen arteko talkak eztabaida ugari pizten ditu. Baina auzi honetan bada kontuan hartu beharreko gako bat: hain zuzen, pribatutasunaren edo intimitatearen eskubidea ez dela erabateko eskubidea. Artatxoren iritziz, bizitza errealean ere berdina gertatzen da: «Pertsona mediatikoek intimitate txikiagoa dute, baina, neurri handi batean, beraiek hala erabaki dutelako gertatzen zaie hori. Bada, Interneten edo sare sozialetan ere logika berdintsua da. Hau da, Facebooken ez bagaude eta sare sozial horretan gure argazki bat agertzen bada, legeak eskubide eta bitarteko gehiago eskainiko dizkigu gure burua babesteko Facebooken profil bat eduki eta beharrezko iragazkiak aktibatuta ez baditugu baino. Sare sozialetan egoteko hautua librea eta kontzientea da, hori ezin dugu ahaztu», gogorarazi nahi izan du Artatxok.

Esan bezala, sare sozialek hainbat arazo ekiditeko aukera ematen dute iragazki desberdinen bidez, baina erabiltzaileak berak du iragazki horiek behar bezala konfiguratzeko ardura, eta hor sortzen dira arazoak, kasurik gehienetan ulermena zailtzen duen moduan idatzita egoten baitira. «Alde batetik, erabiltzaileari informazioa ematera behartuta daude, baina erabiltzaileak informaziorik ez izatea bilatzen dute aldi berean. Hori dela-eta, oso modu tekniko eta aldrebesean azaltzen dituzte gauzak», azaldu du Artatxok. Juridikoki «baimen informatua» deitzen zaio honi, baina praktikoki «desinformazioan oinarritutako baimena» dela uste du abokatuak.

Finean, «sare sozialen eta erabiltzailearen eskubide eta erantzukizunen artean desoreka dago», Artatxoren aburuz, eta beraiek kontrolatzen dute egoera. «Esan daiteke, gaur egun askoz errazagoa dela sare sozialetan sartzea bertatik ateratzea baino, bai behintzat onik ateratzea baino. Internetetik norbere aztarna guztiz ezabatuta ateratzea ia ezinezkoa da gaur egun», dio. Hain justu, bere esanetan, horixe da azken urteetan arautu nahi den gai nagusia: ahaztua izateko eskubidea. «Hau da, Interneteko bilatzaileak eta sare sozialak bertatik atera den ororen inguruko informazioa ezabatzera behartzea lortu nahi da. Horretarako, Europa edo mundu mailako jurisdikzioa behar dela argi dago. Izan ere, orain legedian dauden hutsuneak handiak dira, eta enpresa boteretsuenek beti aurkitu izan dute zirrikituren bat beren interesen arabera jokatzeko».

Sarearen arriskuez mintzo bada ere, Artatxok ez du inolaz ere bere burua Interneten eta sare sozialen aurkakotzat: «Oso tresna erabilgarriak ditugu eskura; aukera ugari eskaintzen dituzte, baina, aldi berean, arriskuak ere badituzte. Horren aurrean, bi aukera ditugu: bata, ez erabiltzea; eta bestea, defentsarako bitartekoak badirela jakinik, modu egokian erabiltzea». Azken batean, sarean pasatzen dena kalean gertatzen denaren parekoa dela uste du, eta beraz, logika berdina aplikatzea aldarrikatzen du. «Arriskuen aurrean kalea debekuz josi nahi dute batzuek, eta asko dira sarean ere berdina egin nahiko luketenak: erabateko kontrola. Hala ere, nik ez dut uste debeku bidez kontrola areagotzea irtenbidea denik. Hezkuntza eta erantzukizun pertsonala dira landu beharreko bideak». Hala, «autodefentsa digitala» proposatzen du Artatxok, eta horretarako ez dela abokaturik behar dio: «hori azken pausoa da».

Elkarrizketatuen argazkiak: Conny Beyreuther