NAIZ

Bihar jarriko dute martxan Laburbira, euskarazko filme laburren zirkuitoa

Bihar ekingo diote Laburbiraren, euskarazko filme laburren zirkuitoaren, XII. edizioari. Ordizian izango da lehen emanaldia, eta hilaren 28ra arte, 29 emanaldi izanen dira Euskal Herriko beste hainbat herritan.

Laburbiraren XII. ekitaldia martxan jarriko dute bihar Ordizian. Euskarazko filme laburren zirkuitoa martxoaren 4tik 28ra luzatuko da, eta egun horietan Euskal Herriko 29 herri desberdinetan eginen dituzte beste hainbat emanaldi.

Euskarazko ikus-entzunezko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburuarekin jaio zen Laburbira, eta jomuga horrekin jarraitzeko asmoz abiatu dira aurten ere. Hego Euskal Herrian zehar eginen dituzte emanaldiak, baina baita mugetatik haratagoko bi ere. Bat Valentzian eta bestea Pariseko Euskal Etxean. 

Saio bakoitzean, zortzi ikus-entzunezko lan labur eskainiko dira, 2013an eta 2014an sortutakoak. Ordu eta laurden inguruko emanaldietan, sormena, dokumentala, fikzioa zein animazioa uztartzen dituzten ikus-entzunezkoak izangodira.

Hauek dira ikusi ahal izango diren lanak: ‘Hubert le Blonen azken hegaldia’ (Koldo Almandoz), ‘Ein land’ (Igone Arreitunandia Berridi), ‘Aitona Mantangorria’ (Kepa Errasti), ‘Zela Trovke’(Asier Altuna), ‘Arconada’ (Asier Urbieta), ‘Don Miguel’ (Kote Camacho),  ‘Zaunk!’ (Ixone Aroma, Aritz Lasarguren eta Asier Vera) eta  ‘Zarautzen erosi zuen’ (Aitor Arregi).

Era berean, «egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz», emanaldiaren ondoren, saio batzuetan solasaldia egingo da zuzendariekin, antolatzaileek jakinarazi dutenez.