NAIZ
BILBO

BDZ kanpainaren aldeko atxikimendu ugari, Palestinako Lurraren egunean

Gaur palestinar lurraren eguna dela aprobetxatuta, eremu oso desberdinetako eragile, erakunde eta norbanakoek atxikimendua adierazi diote Israelgo Estatuaren aurkako Boikot, Desinbertsio eta Zigorren (BDZ) kanpainari.

Sarean eskegitako bideo baten bitartez, BDZ kanpainarekin bat egin duten eragile, erakunde zein norbanakoen lagin bat erakutsi dute: bertsolariak, kirolariak, idazleak, alderdi politikoetako ordezkariak...

Gogoratu dutenez, 1976ko martxoaren 30an palestinar gizarteak greba orokorrerako deia egin zuen «israeldar sionismoak etengabe egiten zion lur-lapurretak zirela-eta». Grebaren aldeko mobilizazioetan zazpi gazte palestinar hil zituen Israelgo Armadak eta, ordutik, martxoaren 30a palestinar eskubideen aldarrikapenerako ikur bilakatu da.

«Egunez egun, Israeldar Estatuak lurrak ebasten ditu, kanporatzen ditu bertako legezko biztanleak, koloniak eraikitzen ditu eta bertan, munduko edozein bazterretik ateratako kolono sionista atzerritarrak kokantzen ditu. Jardunbide hauek nazioarteko legedia eta giza eskubideak urratzen dituzte», salatu dutenez.

Hori dela-eta, azpimarratzen dute mundu osoan zehar herri palestinarraren aldeko ekimen ugari egingo direla gaurko egunean eta, Euskal Herrian, BDZ kanpainaren aldeko atxikimenduak biltzen ari dira webgune batean.