naiz
GASTEIZ

Etxebizitza eskubidearen alde, 24 orduko kanpaldia Gasteizen

24 orduko kanpaldia burutzen ari dira Gasteizko udaletxearen aurrean etxebizitza eskubidea aldarrikatuz. Ertzaintza gerturatu den arren, kanpaldiak aurrera jarraitzen du eta bihar goizera arte egoteko asmoa agertu dute.

Ertzaintza kanpaldira gerturatu da. (ERREKALEOR BIZIRIK)
Ertzaintza kanpaldira gerturatu da. (ERREKALEOR BIZIRIK)

Gasteizko udaletxearen aurrean 24 orduko kanpaldia burutzen ari dira hainbat kolektibo. Honen bidez, Udala eta Ensanche XXI enpresaren «etxebizitza politika salatu eta etxe hutsen erabilera bultzatu» nahi dute.

Errekaleor Bizirik, Gasteizko gaztetxea, Elkartzen, Arkillos eta Gazteon Etxebizitza Asanbladak antolatu dute ekimena. 11:00ean ekin diote kanpaldiari, eta biharko ordu berdinean emango dute amaitutzat. Hala ere, hasi eta berehala, Ertzaintza gerturatu da, baina oraingoz kanpaldiak aurrera jarraitzen du.

Modu honetan, Gasteizko Udalak bere jabegoan dituen 500 etxebizitzetatik gehienak hutsik daudela salatu dute, honek etxebizitza eskubidea «urratu» egiten duela nabarmenduz.

Era berean, gogora ekarri dute «gero eta gehiago» direla hutsik dauden etxebizitzak. «8.000tik gora dira gure hirian dauden etxe hutsak. Etxebizitza eskariari begiratzen badiogu, nahikoa izango litzateke hutsik dauden etxebizitzei erabilera egokia ematea hirian dagoen etxebizitza beharrari aurre egiteko». Aldiz, agintariek «masiboki eraikitzen eta espekulazio bidezko politikekin» segitzen dutela adierazi dute.