Gotzon ARANBURU
ARRAIOZ

Atlantiar kongresua

Helburua ez da nolanahikoa: Euskal Herria azaltzea historiaurretik gaur egunera arte, joandako 45.000 urteetako euskal zibilizazioa erakustea, ordutik baikaude euskaldunak lurralde honetan. Esatea errazagoa egitea baino. Eta halere Jauzarrea taldeak erronka horri erantzun nahi izan dio 2012tik hona, antolatu dituen Atlantiar lau kongresuen bidez. Maiatzaren 15ean egingo da zikloko azkena, ‘Euskaldunak XVI mendetik XXI mendearen hasiera arte’ izenpean.

Laugarren saio hau bukatzearekin batera, ‘Atlantiar’ izeneko liburua prestatzeari ekingo dio Oterok. (Gotzon ARANBURU)
Laugarren saio hau bukatzearekin batera, ‘Atlantiar’ izeneko liburua prestatzeari ekingo dio Oterok. (Gotzon ARANBURU)

Xabi Otero argazkilari ezaguna da, eta gutxik bezala lortu izan du bere kamerarekin gure jendeak eta bazterrak kaptatzea. Baina ez da horretara mugatzen: kultur gosea daukan gizona da, Errenazimentuko haiek bezalakoa, eta Euskal Herria ezagutzea eta ulertzea izan da beti haren asmoa. Horrela sortu zuen Jauzarrea, Euskal Kulturaren Ikerketarako eta Zabalkunderako Funtsa. Ehunka kontaktu egin, batekin eta bestearekin egon, bizitoki duen Baztango dorretxe eder honetara gonbidatu… hala lortu du 240 kideko taldea osatzea eta nazioartean Euskal Herriaz gehien dakiten gizon-emakumeekin harreman sarea jostea. Dagoeneko mundu osoko ia ehun zientzialari dauzka sare horretan «harrapatuta». Aipatutako berrehunetik gora lagunek kuota ordaintzen dute, eta lanerako prest egoten dira: dela bisitariak jasotzera joatea aireportura, dela sukaldari aritzea, informatikan laguntzea edo inprentatik kartelak jasotzea.

Nonbait argi ikusten bada Oterok egindako kontaktuen ugaritasuna eta aniztasuna, auzolanean aritzearen fruitua, Atlantiar kongresuetan da. Aurrenekoa 2012an izan zen, ‘Paleolitoa’ izenpean. Hurrengo urtean Mesolitikotik Burdinaren Aroaren bukaerainoko tartea jorratu zuen biltzarrak, eta iaz ‘Erromatarren aurreko baskoien garaitik Nafarroako Erresumara’ izan zuen izena. Aurreneko hirurak Irungo Ficoban egin ziren, eta datorren laugarren hau ere toki berean egingo da.

Xabi Otero, Arraiozko bere etxean, Amaiurko gazteluko atea atzean duela. (Gotzon ARANBURU)

Jakina, zientzialari hauek ez dira egun bakar baterako etortzen gure artera. Astebete inguru egiten dute hemen, eta tarte horretan elkarren berri izateko aprobetxatzen dute, norberaren ikerketak eta egitasmoak besteekin partekatzeko. Badira Oxford-eko irakasleak, Smithsonian Institution-ekoak, Montrealeko unibertsitatekoak… alegia, lehen mailako zientzialariak, nolabait ere Jauzarrea eta Atlantiar kongresuak topalekutzat hartu dituztenak. Oso agerikoa da hau hizkuntzari, euskarari, dagokionean. Biltzarraren arratsaldeko saioan parte hartuko du, esaterako, Munich-eko unibertsitateko Theo Vennemann doktoreak, Europako euskal substratu linguistikoari buruz aritzeko, eta haren ondoren Danimarkako Aarhus-eko unibertsitateko Peter Bakker-en txanda izango da, zertaz eta ‘Duela 40.000 urte Europan hitzegiten zen euskara zaharraz’ solasteko. Esan beharrik ez dago urrutiko aditu hauen eta bertakoen arteko truketik fruitu aberatsak espero daitezkeela.

Kanada, sorginak...

Euskaldunei dagokienez, hiru parte-hartze izango dira maiatzaren 15eko kongresuan. Hasteko, Aranzadi Zientzia Elkarteko Iñaki Egaña euskal historiaren lau mende laburtzen saiatuko da ‘Irokesen Kanatatik Gernikaraino’ hitzaldiarekin; segidan, egun mundu akademikoan ari den Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren txanda izango da, ‘Gizarte globala, erantzun lokala’ gaia jorratzeko, eta Xabi Otero berak ere izango du tartea, ‘Nortasuna. Aniztasunaren aberastasuna’ hitzaldiarekin.

Orain arte jorratutako bideari jarraikiz, aurtengo kongresuak ere bereziki azpimarratuko du euskaldunen eta beste herrialde batzuen artean historian zehar izandako harremana. Kanada izango da izarra, kongresuak hartzen duen epe historikoan eman baitzen euskaldunen presentzia garrantzitsuena lurralde hartan, dela baleak ehizatzen, bakailaoa arrantzatzen edo larruen salerosketan. Dokumentaturik dago XV. mendearen erdialderako lurralde haietara iritsita zeudela Euskal Herriko marinelak, eta ez Espainiako, Portugaleko edo Frantziako erregeen aginduz, baizik eta haien kasara, Xabi Oterok azpimarratu digunez. Hango biztanleekin –tribu indiarrak– izandako harremanak aztergai izango dira batzarrean, eta aipatzekoa da hizlarietako bat Stephen Augustine izango dela, Mi´kmaq Kontseilu Handiaren Buruzagia.

Kanadara eta Ternuara joatea ez zen txantxetako kontua. Itsasontzi onak egin beharra zegoen, eta haiek gidatzen jakitea. Arlo horretan punta puntako teknologia erabiltzen genuen euskaldunok. Ur haietan hondoratutako zortzi ontzi atera ahal izan dira, eta Europak Ipar Amerikarekin izandako komunikazioan eta merkataritzan euskaldunok 400 urtetan aparteko garrantzia izan genuela adierazten omen du ontzi horien teknologiak. Normandoek, bretoiek eta irlandarrek ere antzeko itsasbideak erabiltzen zituzten, baina balea harrapaketari dagokionez euskaldunak izan ziren aitzindari. Hori guztia ikusaraziko du Robert Grenier arkeologo kanadiarrak Ficoban. Bere hitzaldiaren titulua sobera esanguratsua da: ‘1565eko Pasaiako San Juan ontzia, itsas arkeologikoako ontzirik ospetsuena eta ohore gehien jaso dituena’. Irakurleak badakienez, oraintxe ari dira San Juan ontziaren erreplika egiten Pasaiako Ondartxo ontziolan, Donostia 2016 egitasmoaren barruan.

Sorginen gaia da kongresuan aztertuko den beste bat. Akelarreak, atxiloketak, erreketak… askotan ikertu izan diren kontuak dira, baina behin baino gehiagotan egon da gure artean errealitate historikoa eta mitoa nahasteko joera. Bada norbaitek baldin badauka gai honetan eskarmentua, Europa eta mundu mailan, Gustav Henningsen antropologo daniarra da; ez daramatza alferrik berrogeita hamar urte baino sorginen epaiketak eta Espainiako Inkisizioa ikertzen. Epaitegi anker hark irekitako 60.000 prozesu baino gehiago dauzka jasota Henningsenek eta gaiari buruzko ikuspuntu zientifiko zorrotza azalduko du, Xabi Oterok aurreratu digunez.

Izena emateko epea, zabalik

Kongresuaren arratsaldeko atala orain arte burututako lau ekinaldien laburpen gisakoa izango da, hamar adituren eskutik, zeintzuek hasi historiaurretik eta gaurdaino euskarak eta euskal zibilizazioak izandako garapena azalduko duten, atal berezi bat eskainik harpeetako margogintzari eta historiaurreko euskaldunek Mendebaldeko Europako megalitismoan izandako eraginari. Esaterako, John Koch hizkuntzalariak protoeuskarak eta iberoak zelta hizkuntzaren sorreran izandako papera azalduko du.

Ekain kobazuloa. (Xabi OTERO)

Oraindik ere badago denbora Atlantiar kongresuan parte hartzeko izena emateko, maiatzaren 4an ixten baita epea. Laugarren saio hau bukatzearekin batera, ‘Atlantiar’ izeneko liburua prestatzeari ekingo dio Oterok, biltzar hauetan esandakoak eta etorri ahal izan ez duten ikertzaile askoren –ehunetik gora– ekarpen lanak bilduko dituena. «Lan mardula, baina oso bisuala eta didaktikoa izango da. Lau osagai nagusi izango ditu: hizkuntza, hizkuntza honi lotutako kultura, genetika eta aldaketa klimatikoak. Lau hizkuntzatan argitaratuko dugu eta mila irudi baino gehiago izango ditu», esan digu Xabik agurtzeko.

Azken eskari bat egin diogu: bere etxean daukan Amaiurko gazteluko atearen kontra argazkia aterako al diogun. Baita atera ere, eta horregatik ere eskerrak eman behar.