NAIZ
DONOSTIA

Zinemaldiak atzera begirakoa eskainiko die Merian C. Cooper eta Ernest B. Schoedsack zuzendariei

Donostia Zinemaldiaren 63. edizioak Merian C. Cooper (1893-1973) eta Ernest B. Schoedsack (1893-1979) zinemagileen pelikulei eskainitako atzera begirako ziklo bat eskainiko du.

King Kong. (ZINEMALDIA)
King Kong. (ZINEMALDIA)

Hollywoodeko historiak inoiz eman duen «bikote sortzaile bitxi eta estimulatzaileenetako bat» eratu zuten aipatu bi zuzendariek Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) zinemaren aro klasikoan, Zinemaldiko arduradunek adierazi dutenez.

Hainbat belaunaldiz ‘King Kong’ (1933) film ospetsuaren egile izateagatik ezagutu dituzte Cooper eta Schoedsack. Bikoteak fantasiazko zinemari egindako ekarpena ez da mugatzen, ordea, «Ederra eta Piztiaren mitoa birmoldatu, Gustave Doréren lanetan inspiratutako unibertso plastiko zoro eta antzinakoa sortu, eta stop motion animazio teknika berritu zuen maisulan horretara».

Izan ere, beste film hauetan sortu zituzten erregistroek ere xarma bera dute: ‘The Most Dangerous Game’ (1932) film bikaina, «gizakia gizakiaren ehiztari» gaiari buruzkoa, Cooperrek ekoiztua eta Schoedsackek eta Irving Pichelek egina; eta ‘Dr. Cyclops’ (1940) miniaturizatutako izaki batzuei buruzko fantasia telurikoa, Schoedsackek bakarka egina.

Cooper bonba hegazkinen pilotua izan zen Lehen Mundu Gerran, preso egon zen Alemaniako esparru batean, Poloniaren eta Sobietar Batasunaren arteko ondorengo gatazkan parte hartu zuen borondatezko eskuadroi batean, eta, geroago, AEBetako aireko armadaren koronel moduan jardun zuen berriz, Bigarren Mundu Gerran.

Schoedsackek ere parte hartu zuen Lehen Mundu Gerran, baina Signal Corps izeneko armadaren informazio unitateko kide gisa. Hainbat kazetaritza lan egin zituen eta zinemaren industrian hasi zen, Mack Sennett zinemagilearen Keyston Pictures estudioko kameralari moduan.

Jatorriz abenturazaleak biak, antropologiako hainbat espediziotan parte hartu zuten kameralari gisa, eta hor piztu zitzaien zinema dokumentalarekiko grina. Hala, elkarrekin genero horretako bi maisulan zuzenduta egin zuten debuta: ‘Grass’ (1925) eta ‘Chang’ (1927). Lehenengoan, Persiako tribu nomada baten eguneroko bizitza irudikatu zuten; bigarrenean, berriz, Siamgo oihaneko natibo baten eta elefantekume baten arteko harremana erakutsi zuten.

Gero fantasiazko filmak, dramazkoak, abenturazkoak eta misteriozkoak egin bazituzten ere, haien fikziozko filmetan indar handia izan du beti ikasbide dokumentalak: King Kongen eta Zaroffen istorioak esploratu gabeko mundu exotikoekin izandako harremanetik sortu ziren. Izan ere, haien obra guztian nahasten dira neurri gabeko fantasia eta Asiako edo Afrikako oihan eta mendialdeetako errealitatea. Hortik dator haien obra guztia bereizgarri egiten duen berezko estiloa. Bi dokumental horien ondoren, ‘The Four Feathers’ (1929) filma egin zuten, A.E.W. Massonek ohoreari eta koldarkeriari buruz idatzitako nobela ezagunaren lehen bertsio soinuduna.

Generoak

Cooper-Schoedsack bikotea lan betean aritu zen 30eko hamarkada osoan zehar, Ruth Rose (1891-1978) gidoilariarekin batera. Rosek eta Schoedsackek Galapago irletarako espedizio batean ezagutu zuten elkar, eta 1926an ezkondu ziren.

Hiruren artean, hainbat generotako filmak jarri zituzten martxan; Cooperrek ekoiztu zituen eta Schoedsackek zuzendu, hala bakarka nola lankidetzan: ‘The Monkey's Paw’ (1933) eta ‘Blind Adventure’ (1933) gisako misterio filmak; ‘Trouble in Morocco’ (1937) eta ‘Outlaws of the Orient’ (1937) abentura filmak; ‘The Last Days of Pompeii’ (1935), Bulwer-Lyttonen eleberri ezagunaren moldaketa; eta John Barrymore protagonista izan zuen ‘Long Lost Father’ (1934) eta beste komedia dramatiko batzuk ere.

‘King Kong’ arrakastatsua oinarri hartuta, «jarraipen eta eratorpen gozagarriak» egin zituzten Cooperrek eta Schoedsackek: ‘Son of Kong’ (1933) eta ‘Mighty Joe Young’ (1949). Willis O'Brienek lehenengo ‘King Kong’ pelikulan hasitako stop motion estiloari heldu zion berriz Ray Harryhausenek ‘Mighty Joe Young’ filman, eta artisau prozedura horren maisu handietako bat bilakatu zen une horretatik aurrera.

Ekoizle lanak

1930eko hamarkadako fantasiazko zinemaren gailur eta 1929ko burtsaren porrotaren ostean herrialdearen egoera ekonomikoaren metafora izan zen ‘King Kong’ filmak ekarritako erronka tekniko handiaren ostean, zuzendaritzatik urrundu zen Cooper eta RKO etxeko ekoizle nagusietako bat bihurtu zen.

Estudioburu gisa, film hauek ekoiztu zituen, besteak beste: Fred Astaireren eta Ginger Rogersen komedia musikal dotoreetan lehena, Thornton Freelandek zuzendutako ‘Flying Dow to Rio’(1933), eta Lansing C. Holden eta Irving Pichel zuzendarien ‘She’ (1935), H. Rider Haggarden eleberrian oinarritutako abenturazko fantasia, hainbat urte geroago Hammer etxeak ekoiztutako remake bat ekarriko zuena.

1933an David O. Selznickekin elkartu zen Technicolor trikromoarekin esperimentatzen aritzen zen Pioneer Pictures ekoiztetxean; teknika horrekin merkaturatu zuten lehenengo pelikula Rouben Mamoulianen ‘Becky Sharp’ (1935) izan zen. Ondoren, 1940ko hamarkada bukaeran, Argosy Pictures konpainia independente txikia sortu zuen John Fordekin batera, eta konpainia horrekin ekoiztu zituzten, Forden beste pelikula batzuen artean, ‘The Fugitive’ (1947), ‘Fort Apache’ (1948), ‘Rio Grande’ (1950), ‘The Quiet Man’ (1952) eta ‘The Searchers’ (1956). Halaber, Cooper lehenengotarikoa izan zen Fred Waller argazkilari eta zinemagileak 1950eko hamarkada hasieran sortutako Zinerama formatua bultzatzen.

Atzera begirakoa Donostia Zinemaldiak antolatu du, Zinemateka espainiarrarekin lankidetzan, eta, zuzendari gisa –dela biak batera dela, Schoedsackek bakarka– egin zituzten lanei eskainiko zaie. Zikloa osatzeko, bi zinemagileoi buruzko liburu bat argitaratuko da.