@Aimar Etxeberria
Zestoa

Jasotako babesa eskertzeko ospakizun eguna antolatu dute TS Fundiciones-eko langileek

Zestoako herriaren eta Urola Kostaren aldetik azken hilabeteotan jaso duten elkartasuna eta babesa eskertzeko ospakizun egun bat antolatu dute TS Fundiciones-eko langileek. Ekainaren 6an izango da, eta 12.00etan jarri dute hitzordua Zestoako plazan.

Xanpaina edanez ospatu dute enpresaren irekiera hurbila. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Xanpaina edanez ospatu dute enpresaren irekiera hurbila. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Zestoako TS Fundiciones enpresako langileek prentsaurrekoa eman dute, enpresak Arroan duen planta Gonvarri taldeak erosi izanaren inguruko balorazioa egiteko. Eurentzat «albiste ona» dela aldarrikatu dute, nahiz eta jakitun izan oraindik ez dagoela dena bukatuta.

Proiektu industriala martxan jarri arte eta enpresaren jabe berriek aurrez zeuden langile guztiak hartzeko konpromisoa bete arte lanean jarraituko dutela adierazi dute langileek. «Bidea dago egiteko, baina gogotsu gaude oso», adierazi dute.

«Lortu duguna, ordea, lortu duzuena, handia da eta merezi duen bezala ospatu beharra dagoela uste dugu», aldarrikatu dute. Ospakizuna Zestoako herriari eta Urola Kostako eskualdeari «eskerrik asko» esateko erabiliko dutela adierazi dute.

Hitzordua datorren ekainaren 6rako zehaztu dute, 12.00etatik aurrera, Zestoako plazan.