NAIZ
DONOSTIA

Athleticek eta Realak 2015/2016 denboraldiko elastikoak aurkeztu dituzte

Talde zuri-gorriak janzkera berria gaur aurkeztu du Iberdrola Dorrean, eta Donostiako taldeak sare sozialetan hedatu duen bideo baten bidez.

Athleticek eta Realak gaur aurkeztu dituzte 2015/2016 denboraldian erabiliko dituzten ekipazioak. Talde zuri-gorriak Bilboko Iberdrola Dorrean egin du ekitaldia, eta bertan izan dira Carlos Gurpegui, Iago Herrerín, Irene Paredes, eta Amaia Olabarrieta jokalariak. Lehen ekipazioak hiru marra bertikal potolo ditu aurtengo denboraldian.

Ekitaldia taldeak hurrengo lau urteetan izango duen Kutxabank babeslea aurkezteko ere baliatu du. Elastikoa dagoeneko salgai dago taldearen denda ofizialetan, webgunean eta baita telefono bidez ere.

Realak ere gaur ezagutarazi du denboraldi berriko elastikoa. Sare sozialetan hedatu duen bideo batean Imanol Agirretxe, Markel Bergara, Sergio Canales eta Iñigo Martínezek aurten jantziko dituzten ekipazioak aurkeztu dituzte.

Lehen ekipazioak 80ko hamarkadako estiloa du, eta berritasunen artean polo itxurako lepoa nabarmentzen da. Kolore zuri-urdineko marra bertikalak mantenduko ditu. Bigarren ekipazioa lehen aldiz kolore granatekoa izango da. Bietan ezkutua eta bizkarrean ikurrina daude brodatuak. Horrez gain, paseo eta entrenamenduetarako arropa ere aurkeztu du talde zuri-urdinak. Bihartik aurrera egongo dira salgai taldearen denda ofizialetan, eta baita webgunean ere, 13.00etatik aurrera.