NAIZ
BAIONA

EiTBko kazetari batek eraso sexista jasan du Baionako jaietan

Baionako festetan eraso sexista jasan zuen atzo EiTBko kazetari batek, zuzenekoa egiten ari zen bitartean, Kazeta.eus-ek adierazi duenez. Eraso sexistengatik salaketa jarriko du. EiTBko zuzendaritzak «babes osoa» adierazi dio.

Eraso sexisten aurkako hainbat pankarta eta afixa daude Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Eraso sexisten aurkako hainbat pankarta eta afixa daude Baionan. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Baionako jaien lehen egunean, zuzenekoa egiten ari zela, EiTBko kazetari bati eraso sexista egin zioten, 20.00ak aldera. Kameraren aurrean zegoela bi mutil hurbildu eta ipurdian jo zion batek, Kazeta.eus-ek adierazi duenez.

Salaketa jarriko du bihar. «20-22 urteko» gaztea izan dela esan du kazetariak, erasozaileari argazkia egitea lortu ondoren. Aurten ere Baionako festetan eraso sexisten aurkako kanpaina egiten ari dira, eta kaleetan pankartak jartzeaz gain, tabernetan afixak banatu dituzte.

Ohar baten bidez, EiTBko zuzendaritzak «babes osoa» agertu dio kazetariari.

Era berean, azpimarratu dute EiTBk jarrera sexista oro gaitzesten duela, «larrienetik txikienera». Nabarmendu dute, gainera, jai giroan egoteak ezin zuela aitzakia izan «pertsonen duintasunaren aurkako jarrerak» gertatzeko.

«Jaietan ere, eraso sexistarik ez», azpimarratu dute.