@gara_mjauregi
DONOSTIA

Ziztu bizian dira Stephen Curry eta enparauak

Hamasei partida, hamasei garaipen. Errekor galanta jartzea lortu du goizaldean Golden State Warrios taldeak, Los Langeles Lakers hankapean hartu ostean: 111-77. Joan den denboraldian lortutako eraztuna errepikatzeko ahaleginean, ziztu bizian dira Stephen Curry eta enparauak.

Stephen Curry, Golden State Warriors-eko izarra. (Thearon W. HENDERSON/AFP)
Stephen Curry, Golden State Warriors-eko izarra. (Thearon W. HENDERSON/AFP)

Inork kontrakoa erakusten ez duen arte, ez dago eztabaidarik: NBAko talderik onena da Golden State Warrios. Bere arerioek ere halaxe aitortzen dute, erreparorik gabe. Eta 2014-15 denboraldiko eraztuna eskuratu ostean eta 2015-16 honetan daraman ibilbidea (eta kantxa barruan, gau batean bai eta hurrengoan ere bai, erakusten duen joko ederra) ikusita, Oaklandekoa saskibaloiaren historiako urrezko orrialdeeta pasatuko den taldea dela esatea ez da astakeria.

16 garaipen eta porrot bakar bat ere ez. Hori da denboraldi honen hasieran jarri duen marka. Aurretik inoiz inork egin gabekoa: atzean utzi ditu Houston Rocketsek 1993an eta Wasghington Capitolsek 1948an egin zituzten 15-0ekoak.

Eta errekorra lortzearren, Lakers txikitu egin du Warriorsek. 34 puntuko aldea. Nahi bezala jokatuta. Ikuskizuna emanez. Defentsan ipurdia jaitsiz, korrika eginez eta erasoan zorrotz arituz. Aurkariaren uztaia birrindu arte. Eta jokalari askoren parte-hartze distiratsuarekin. Warrios ez baita Stephen Curry bakarrik, asko izanagatik ere.

24 puntu egin ditu joko antolatzaile apartak, NBAko izarretan izarrenak. Eta gehitu horiei bederatzi asistentziak eta lau erreboteak. Lau hiruko sartu ditu; 78 daramatza dagoeneko 16 partidatan. Erritmo honetan, denboraldia amaitzerako 400 inguruan ibiliko da. Ikaragarria. Demasa.

Curryk eta Warriors-ek gehiago nahi dute, ordea. Gose dira. Irabazi egin nahi dute: gauero, partidaro, eta bigarren eraztuna jantzi nahi dute jarraian. Eta bide batez, jopuntuan hartuta daukate NBAko liga erregularrean Michael Jordan, Scottie Pippen eta enparauen Chicago Bullsek 1995-96 jarritako marka mitikoa: 72 garaipen, 10 porrot baino ez.