NAIZ
Durango

Larriki gaixo dauden presoak etxeratzea aldarrikatuko du Sarek Durangon, abenduaren 8an

Abenduaren 8rako mobilizazioa deitu du Sarek Durangon. Larriki gaixo dauden presoak etxeratzea aldarrikatuko dute eta horretarako jendearen aktibazioa eskatu dute. «Urgentea da eta konponbiderik ezean okerrera egingo du», nabarmendu dute.

Sarek Durangon aurkeztu du mobilizazioa. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)
Sarek Durangon aurkeztu du mobilizazioa. (Aritz LOIOLA / ARGAZKI PRESS)

‘Aske eta bizirik SOS, larriki gaixorik dauden presoak etxera’ lemapean manifestaldia burutuko du Sarek Durangon abenduaren 8an. Liburu Azokatik abiatuta, 12;30ean abiatuko da mobilizazioa. Gauer egin duten aurkezpenean, preso gaixoen bizia «arriskuan» dagoela nabarmendu dute, eta «ezin dutela tratamendu egokirik» salatu.

«Gainera une latz horietan, etxekoen eta lagunen babes zein maitasunarengandik urrun daude», gehitu dute. Egoeraren larritasuna nabarmendu dute Sareko ordezkariek. «Urgentea da eta konponbiderik ezean okerrera egingo du. Gaixotasunak ez daude erritmo politiko eta batzuen zein besteen interesei begira. Giza eskubideak ideologia ororen gainetik daude eta pertsona orori dagozkigu, baita kartzelan daudenei ere», aldarrikatu du.

Guztira 11 dira gaixotasun larriak izan arren kartzelan dauzkaten presoak. Hala ere, ospatu dute bakearen eta konponbidearen aldeko urratsak «nagusi» direla. Dena den, espainiar eta frantziar Gobernuen inmobilismoa azpimarratu dute. «Madrilgo eta Parisko gobernuek sufrimendua eragiten segitzen dute. Ez dute jarreraz aldatzeko asmorik. Giza eskubideen alde konprometituta gaudenok, harri eta oztopo asko gainditu beharko ditugu».

Oztopo hauek gainditzeko jendearen aktibazioa beharrezkoa dela adierazi dute. «Denok batera tiratuta mugituko ditugu harririk astunenak ere. Bideko oztopoak garbitu eta etxera ekarriko ditugu».