@Maider Iantzi
DONOSTIA

Sortuk datorren udaberrira aurreratu du bere kongresua

Orain egiten ari diren Abian gogoeta prozesuarekin seigarren martxa sartu nahi diote ‘Zutik Euskal Herria’ estrategiari. Sortu da estrategiaren motorra eta horrek eskatzen du puntu-puntuan egotea Abian bukatu orduko, hau da, maiatza-ekainerako. Azalpen hori emanez iragarri dute Amaia Izkok eta Pernando Barrenak Sorturen kongresuaren aurrerapena.

Pernando Barrena eta Amaia Izko, agerraldian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Pernando Barrena eta Amaia Izko, agerraldian. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Data zehatza eta lekua oraindik ez dituzte zehaztu, baina dagoeneko badakigu Sorturen lehendabiziko kongresua datorren maiatzaren eta ekainaren artean izanen dela. Pernando Barrenak eta Amaia Izkok kazetariz lepo betetako prentsa aretoan esplikatu dutenez, momentu aproposa iruditzen zaie, orduantxe amaituko baita Abian gogoeta prozesua.

Agertu dutenez, Abian-ek ezker abertzale osoaren norabide estrategikoa markatzen du: nora joan, zer kontuan hartu... Gogoeta honetan parte hartzen ari dira Sortu ez ezik, LAB eta Ernai Gazteko militanteak ere. Ardatz horien arabera, bakoitzak bere egokitze prozesua egin behar du gero, bakoitzaren zeregin politikora ekartzeko.

Hala, Sorturen kongresuan, horretarako propio sortutako ponentzia berrien bidez, oinarri ideologikoak, lan ildoak eta antolakuntza ereduak definituko dituzte.

Izkok eta Barrenak oroitu dutenez, Sortuk bere kongresu eratzailea egin zuen Iruñean, 2013ko otsailean. Azken urteotan hagitz egoera aldakorrari egin behar izan dio aurre, 2011ko ziklo politiko berriak euskal politikaren parametro nagusiak astindu ondotik. Hor aipatu dituzte, bertzeak bertze, «espainolismoaren gainbehera» eta «aktore politiko berrien sartzea», baita erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria «sendo kokatua» egotea ere, Euskal Herrian zein Katalunian.

Posizioa findu eta birkokatu

«Ezker abertzaleak derrigorrezkotzat jo du egoera aldagarri horretan bere posizio estrategikoa fintzea, birkokatzea; eta horrekin batera bere funtzionamendua hobetu aldera hausnarketa bat abiatzea», adierazi dute.

Ariketa hori egiten ari dira honezkero eta aste honetan bertan publiko egin denez, entzute fasea burutu ondoren oinarrizko txostena argitaratu dute. Orain bere edukien gainean eztabaidatu eta erabakiak hartuko dituzte auzo eta herri batzarretan.

Erran bezala, Abian prozesua ezker abertzalearen joko politikorako zelai osoa marraztera baldin badator, aldebakartasunean sakonduz eta herri prozesu independentista sendoa aurrera eramanez, Sorturen kongresuak bere egokitze prozesu propioa egiteko balioko du. Hortaz, alderdiaren estatutuen arabera lau urtean behin egin beharrekoa den kongresua udara aitzinetik egitea guztiz komenigarritzat jo dute, «ezker abertzalearen eztabaida prozesua apirilean bukatuko den neurrian horixe baita momenturik egokiena, Abian eztabaida bukatu eta berehala».