G. M ZUBIARRAIN
baiona

Elkargo bakarra

Une erabakigarria da hau euskal politikagintzan: lehen aldiz Ipar Euskal Herriko erakunde bat sortzeko erabakia herriz herri bozkatzen ari da. Prefetak ezarritako baldintza beteta –herrien erdiek onestea eta horietan biztanleen erdiak bizitzea–, hona hemen aldaketaren neurriaz jabetzeko gakoak.

Egungo hamar elkargoen mapa.
Egungo hamar elkargoen mapa.

Zer arraiotaz ari gara? Itaun hori etorriko zitzaion behin baino gehiagotan burura irakurleari azken boladan Ipar Euskal Herriko politikagintza monopolizatzen ari den gaiaz berriak iritsi zaizkionean. Helep bakarra, Ipar Euskal Herria elkargoa… azken finean, kontu bera izendatzeko hitz ezberdinak besterik ez ditugu, eta gakoa, funtsean, bakarra: herriarteko lankidetzarako erakunde publiko bakar bat sortzea dute erabakigai uneotan Ipar Euskal Herriko udalek.

Herri elkargoek, hain zuzen, Estatu frantsesa murgilduta dagoen berrantolaketa instituzionalaren baitan katebegi garrantzitsua osatuko dute aurrerantzean. 2015eko Notre legeak zehaztu zituen horiek osatzeko baldintzak, bai eta gutxienez izan beharko dituzten eskuduntzak zein diren ere. Gutxienez diogu, ahalmenen ate hori irekita utzi duelako legeak: goragoko erakundeek –erregioek eta estatuak– hala onetsiz gero beren eskuduntzak elkargoei laga diezazkiekete.

Baldintza horien baitan, Ipar Euskal Herriak, urte hasieran argitaratutako azken erroldaren arabera 308.000 biztanle dituenak, udal elkargoetan formarik integratuena, eta noski, elkargoen baitan eskumenik zabalenak dituena, osa lezake. Bi aukera zatezkeen: hirigune elkargo ala hiri elkargo. Lehena, hirigune elkargoa, hautatu du prefetak, eta aldea ez da makala.

Proiektua herrien erdiek, beti ere horietan biztanleen erdiak bizi direla, onartzen badute, egun eratuta dauden hamar herri elkargoak desegin egingo dira eta bakarrean fusionatuko. Horrekin batera elkargo sortu berriak eskuduntza berriak jasoko ditu.

Hala bada, historia modernoan lehen aldiz Ipar Euskal Herria biltzen duen erakunde bat eratuko da eta, ahalmen mugatuekin bada ere, politika egiteko gune berezitua izango du: elkargoa zuzenduko duen udalen kontseilua.

Udalen kontseilua

Ipar Euskal Herria elkargo bakarraren kudeaketa 232 kidez osaturiko organo horrek gauzatuko du. Osaketa politikoa zehaztuta dago Notre legean: 72 biztanleen arabera banatuko dira; horiek, aurreikusitako 21 ordezkari gehigarriak bezala, herri handien esku geratuko dira. Herri txikietako udalek ordezkari bat izango dute; denera, 139.

Aldiz, Kontseiluak arau dezake elkargoaren barne funtzionamendua eta hori baliatu nahi da gobernantza eredua sinpletzeko, ordezkari politiko guztiak ados baitira neurri horretako kontseilu bat kudeatzea ez dela txistua jo eta dantza egitea.

Udalen kontseiluak ezinbestean eskuduntza batzuk bere gain ditu hala ere, eta zehazki: aurrekontua bozkatu, zergak finkatu, lurralde antolaketa irizpideak ezarri eta nola ez, barne funtzionamendua arautu, hori, 232ek egin beharko dute. Hortik aurrerako eskuduntza guztiak laga ditzakeenez, Batzorde Iraunkor batek har ditzan proposatzen da, kontuak errazte aldera.

Batzorde Iraunkorra bihotz

Batzorde Iraunkorra izango da, hortaz, erakunde berriaren benetako bihotza. 69 kidekoa izango litzateke. Oraingo elkargoek gutxienez bina aulki izango dituzte bertan. Ordezkaritza nagusia, hala ere, Lapurdiko bi hiriguneek izango dute: Euskal Kostaldea-Aturrik (Baiona aldeak) eta Hego Lapurdik (Hendaia-Donibane Lohizune ardatzak).

Presidentea eta exekutiboa

Administrazio zereginetarako 20 kidek osatutako Batzorde Exekutikoa eratuko da eta presidentea izango du. Haren aginte- makilapean ardurak banatuko dira exekutibo kideen artean eta zeregin gisa nola Batzorde Iraunkorraren hala Udalen Kontseiluaren ebazpenak prestatzea eta gauzatzea izango ditu. Ordezkaritza nagusia bi hiriguneek izango dute hemen ere.

Kudeaketa aukerak

Zazpi arlotan izango dituen eskuduntzak elkargoak berak exekutatzea ebatz dezake, ala zeregin hori beste erakunde batzuen bidez burutzea. Hori egin nahi da hiru arlotan: lurralde antolaketaren zehaztapenean (Scot egituraren bidez), garraioan (garraio erakunde baten bidez) eta hondakinen arloan (Bil ta Garbi-ren bidez).

Bestetik, eskualde mailako politikak burutzeko lurralde poloak sor ditzake bere barnean.

 

«Hiri» elkargo ordez «hirigune» izatearen koska, eta ez makala

Erabakitze aldi honen aurretik, hilabete luzetako gogoeta fasea izan zen, Hautetsien Kontseiluaren urteroko bilkuran prefetak 2014an Ipar Euskal Herrirako elkargo bakar bat sortzeari Parisek argi berdea emango liokeela iragarri ondotik etorri zena, hain zuzen. Hautetsien Kontseiluak Acadie kabinete ospetsuari eskatu zion legezko aukera guztiak azter zitzala eta bai adituek, bai Hautetsien Kontseiluak berak ere, «hiri elkargo» baten alde egiten zuen joan den urrian. Hiru abantaila ikusten zizkioten elkargoetan osatuena den egitura horri.

Batetik, eskuduntza gehien ditu izatez, eta horrekin «berezko lurralde elkargo bat izateko Ipar Euskal Herriak erakutsitako nahiari hobeto» erantzungo zaiola zioten.

Bestetik, garrantzi instituzional handiagoa dute hiri elkargoek, eta hortaz adituek aurreikusten zuten «errazago erdiets» ditzakeela egun erregioenak edo departamentuenak diren eskuduntzak, legeak bi egiturei aitortzen dien arren aukera hori. Garrantzi instituzional horren adierazle, hiri elkarteek plan estrategikoen idazketan parte hartzen dute; hirigune elkargoek ez.

Azkenik, sufragio unibertsala erdiesten «lehenak izan» daitezkeela zioten. Hain zuzen, Notre legean, hasieran, jasota zuten hauteskunde propioak izateko aukera hori, baina Senatuko izapidean ezeztu egin zen.

Alabaina, hiri ez, hirigune elkargoa jarri du mahai gainean prefetak. Horrek argi erakusten du soka ahalik eta gutxien askatzeko asmoa duela Parisek eta eskuduntzen sokatira zinez latza izango dela.G. M. Z.