G.M. Zubiarrain
Baiona

Baionako fiskalak bere gain hartu du apaiz baten pederastia auzia

Apaiz batek ustez egindako pederastia kasuak Hazparnen ere izan zirelako, ikerketari ekin dio Baionako fiskalak eta Marc Ailleti gotzainari ohar egin dio «delituak ez salatzeak ardurak» dakartzala.

Samuel Vuelta fiskalak bere gain hartu du kasua. (Isabelle MIQUELESTORENA)
Samuel Vuelta fiskalak bere gain hartu du kasua. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Baionako Epaitegian egindako agerraldi batean, Samuel Vuelta Simon fiskalak jakinarazi du Jean-François Sarramagnan apaizaren ustezko pederastia kasuaren ikerketa bere gain hartu duela, salaketa Clemont-Ferrandeko (Auvernia) auzitegian aurkeztu bada ere, han aipatutako gertakarietarik batzuk Hazparnen jazoak direlako. Horrela, salaketa jarri duen emakumeari, biktimaren ama denari, eta biktimari berari deklarazioa hartuko die Baionako fiskalak, «zehazki zer gertatu zen jakiteko» eta horren arabera jardungo du.

Salaketaren berri asteazkenean zabaldu zen. Bertan jasotzen denaren arabera, asteazkenera arte Hiriburun (Lapurdi) lanean ari zen Sarramagnan apaizak adingabeko bati sexu-erasoak egin zizkion 1990eko hamarkadan. Orduko gotzainak, Pierre Moleresek, gertakarien berri izanik, arduretatik kendu eta komentu batera erretirarazi zuen apaiza. Egungo gotzain Marc Ailletek ere onartu zuen herenegun, gertakariak argitu arte apaiza egungo arduretatik baztertuko zutela jakinarazteaz bat, bazuela berak ere horren guztiaren berri.

Vuelta Simon fiskalak azpimarratu du, bestalde, salaketa ez dela batere zehatza ikuspegi juridikotik eta «ukituez edo bortxaketa batez ari garen» zehaztu beharko dela, horren arabera «ardura penalak eta horien preskripzioak oso ezberdinak» direlako.

Pierres Moreles eta Marc Aillet gotzainei oharra ere egin die Baionako fiskalak. «Delituak ez salatzeak ardura penalak» dakartzala gogoratu eta horiek ere «argitu» beharko direla adierazi du komunikabideen aurrean.