@gara_olarretxea
ABALTZISKETA

Aralar hasi da abereak jasotzen

Maiatzaren lehenarekin zabaldu dira Aralarreko larreak ardi, behi eta behorrentzat. Larraitzeko paraje ederra izan da, urtero legez, XIX. denboraldiari hasiera emateko lekua. Abereek uda osoa emango dute inguruetako belarra jaten, eta urrian jetsiko dira berriz ere beren baserrietara. Gipuzkoako Aralar eremuan soilik 17.000 ardi igaroko dira datozen asteetan.

Larreen irekieran behiak izan dira lur eremuetan lehenak sartzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)
Larreen irekieran behiak izan dira lur eremuetan lehenak sartzen. (Andoni CANELLADA/ARGAZKI PRESS)

Udan gustora egoten dira abereak mendietako larre goxoetan. Tenperaturak atseginagoak dira eta hezetasunari esker ez dute beroarekin sufritzen. Belarra xamurra da, ona, eta beren ohiko eremuetan izaten ez diren loretxoak eta landeretxoak jaten dituzte. Honek, propietate bereziak ematen dizkie ondoren artzaiak egingo dituen gaztei. Larraitzeko paisaje zoragarriak izan dira gaur goizean, urtero maiatzaren 1ean egin ohi den legez, XIX. larreen irekiera ekitaldiaren abiapuntua.

Enirio-Aralar Mankomunitateak antolatuta, gaur ireki da denboraldia eta maiatza bitartean igoko dira, Aralarrek Gipuzkoan hartzen duen lur-eremura, 17.000 ardi, 850 behi eta 750 behor. Haien zaintzapean arituko dira urrira bitartean gogor lanean 125 aberezain, horietatik 40 artzaiak. Mendietako larre garaiak iraun bitartean haiek eta beren familiek bizilekua aldatuko dute, ohiko baserritik mendiko txaboletara. Lana gogorra da, astelehentik igandera egiten dena, egunean 24 orduz, horregatik gustokoa izan beharra dago, halabeharrez.

Mankomunitatetik GARAri azaldutakoaren arabera, larreak aurten beste urteetan baino «motelago» daude, baina hilabeteak aurrera egingo duen neurrian, eta abereen eskuhartzearekin indartuko direla belazeak. Artzaiek defendatzen dutenez, abereak beharrezkoak dira mendiarentzat, eta alderantziz, hauei esker egiten baita lurren eta larreen biziberritzea.