NAIZ

Elkargo bakarra izango du Ipar Euskal Herriak bi baldintzak gaindituta

Aiherrak, Atharratzek, Bardozek, Urrustoi-Larrabilek, Milafrangak, Pagolak eta Sarrikotapeak baiezko botoa eman dute, eta ezezkoa Bokalek, eta honekin bai herri bai biztanle kopuruaren langa gainditu du elkargo bakarraren proiektuak. Horrenbestez, 2017an elkargo bakarra izango du Ipar Euskal Herriak.

Herri elkargoaren aldeko elkarretaratzea Donibane Lohizunen. (P. TOHIER/PHOTOMOBILE)
Herri elkargoaren aldeko elkarretaratzea Donibane Lohizunen. (P. TOHIER/PHOTOMOBILE)

Ipar Euskal Herriak elkargo bakarra osatzeko bi baldintza bete behar zituen. Herrien erdien oniritzia jasotzea eta biztanleen erdia horietan bizitzea. Bigarrena lortuta zegoen dagoeneko eta gaurko emaitzekon, herrien erdira iritsi dira, 158 herrietatik 79rena jasoz.

Aiherrak, Atharratzek, Bardozek, Urrustoi-Larrabilek, Milafrangak, Pagolak eta Sarrikotapeak baiezko botoa eman dute gaur eta horiekin 79 ko kopurua osatu da. Bokalek ezetz bozkatu du.

Honen bitartez, Udalen lankidetzarako erakundeak zazpi ataletan izango du esku hartzea: ekonomian, lurralde antolaketan, garraioan, ingurumenean, kulturan, hizkuntzan eta arlo sozialean. Irakaskuntzan eta mugaz gaindiko harremanetan, eragileek maiz eskatutakoetan, ez du oraingoz ahalik izango.

Gauzak honela, hiru instantzia nagusik gobernatuko dute elkargoa, 232 kidek osatutako elkargo kontseiluak, 69 kidek osatutako batzorde iraunkor batek eta 20 kideko bulego batek.