Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Liburu-denden iragana eta oraina aztergai, Donostian

Literaktum jaialdiaren barnean munduko liburu-saltzaileen topaketa egiten ari da egunotan Donostian. Gaur, Librairie Ulysse, Colonnes eta Ler Devagar liburu-dendetako ordezkariek eman dute ofizioaz duten ikuspegia eta, arratsaldean, Koldo Mitxelenan solasaldia eskainiko dute.

Solasaldia eskaini duten liburu-saltzaileak, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)
Solasaldia eskaini duten liburu-saltzaileak, Donostian. (Jon URBE/ARGAZKI PRESS)

Munduko liburu-saltzaileen topaketaren barruan, Pariseko Librairie Ulysse-ko Catherine Domain-ek, Tangerreko Colonnes liburu-dendako Rachel Muyal-ek eta Lisboako Ler Devagar-eko Jose Pinhok solasaldia eskaini dute gaur goizean, ofizioaz duten ikuspegiaren berri emateko. Jorge Carrion idazle eta literatur kritikariak gidatu du solasaldia eta, bere hitzetan, egun liburu-dendek lau ezaugarri dituztela nabarmendu du: tradizioa, bidaia, hibridazioa (diziplina ezberdinak har ditzakeen espazio kulturalak ere badirelako) eta iragana arakatuz etorkizuna eraikitzeko gakoak ematea.

Muyali sekula liburu-saltzaile izatea otu ez bazitzaion ere, Gerofi ahizpek gidatzen zuten Colonnes denda mitikoan lan egitea proposatu eta, «ustebakean», 1973 eta 1998 arteko urteak eman zituen bertan. Han ezagutu zituen Truman Capote, Marguerite Yourcenar edota Juan Mohammed Chuckri, eta Paul Bowlesen «bitartekari» ere izan zen: «Harekin harremanetan jarri nahi zuenak dendara deitzen zuen, kontaktu asko egin zituen hala», ekarri zuen gogora. Muyalentzat, «arima» da liburu-saltzaileak behar duen funtsezko ezaugarria, «irakurleak bila dabilen hori zer den dakien norbait aurkitu nahi baitu».

Domainek munduan zehar bidaiatzen hamarkada bete pasa ostean zabaldu zuen, 1971ean, Librairie Ulysse Parisen eta, 2004tik, Hendaian ere badu denda bat. 2006an, Pierre Loti bidaia-kontakizunen saria sortu zuen. «Orduan ohikoa ez bazen ere, antigoaleko liburuak, berriak eta bigarren eskukoak batu nituen, eta ondo irten zen. Liburu bakoitza bidaia bat da, pertsona bakoitza bidaia bat den bezala, eta liburu-denda bakoitzak bidaiatzen jarraitzeko aukera ematen du», ziurtatu du. Domainentzat, ofizioak aurrera egin dezan ezinbestekoak dira «ideia originalak», egun liburu-denda zabaldu nahi dutenek «ez baitaukate zeregin erraza».

Ler Devagar da apostu berritzaileen adibidea. Pinhok eta dendako bazkide diren gainerako 139 pertsonek proiektu kultural gisa ulertzen dute Lisboako espazio hau eta, eraikinaren barnean, tabernak, jatetxea, arte galeriak eta zuzeneko kontzertuetarako lau espazio ere badituzte. «Bisitariak 5 euro ordaindu eta kontzertu batetik bestera pasa, erakusketak ikusi, liburuak... denetik egin dezake», azaldu du.

Topaketen barruan, Domain eta Muyal-ek ‘Todas las librerías don librerías de viaje’ solasaldia eskainiko dute gaur, eta bihar, ‘Todas las librerias son centros culturales’ solasaldia eskainiko dute Pinhok, Nollegiu liburu-dendako Xavier Vidalek eta Tipos Infames-eko Gonzalo Queipo eta Alfonso Tordesillasek. Bi solasaldiak gazteleraz izango dira eta 19.00etan hasiko dira, Koldo Mitxelena kulturunean.