Gotzon ARANBURU
LEGAZPI

Bidezko Merkataritza

Gero eta garrantzitsuagoa da Bidezko Merkataritza Euskal Herrian. Kalkulu zehatzik ez dago, baina 2000tik hona urtero %9 hazten ari dela diote arlo honetan lanean ari diren erakundeek. Hala ere, badute kexarako motiborik; herritarrek ez bezala, krisi garaiotan Administrazioak interes gutxi erakusten duela diote. Guztion inplikazio handiagoa eskatuko dute gaur, Bidezko Merkataritzaren Nazioarteko Eguna ospatzen den honetan.

Legazpiko azokan ostiralero egoten da Bidezko Merkataritza postua. (Gotzon ARANBURU)
Legazpiko azokan ostiralero egoten da Bidezko Merkataritza postua. (Gotzon ARANBURU)

Estatu espainiarreko Bidezko Merkataritzako (BM) lehenengo denda Donostian ireki zen, duela justu hogeita hamar urte, Emausek bultzatuta. Ordudanik gobernuz kanpoko erakunde ugari (GKE) aritu dira BMa bultzatzen, hala nola Setem, Medicus Mundi, Alboan, Caritas, Mercadeco, Kidenda edo Intermon Oxfam, baita eskualdeetako taldeak ere, esaterako Gipuzkoako Debagoieneko Harreman Denda edo Goierriko Herriak Elkarlanean taldea. Estatu espainiarrari begiratuta, Katalunia bakarrik dago Euskal Herriaren aurretik arlo honetan, baina alderaketa Europarekin egiten badugu zertaz harrotu gutxi daukagu: 2014ko datuek diotenez –eta ordudanik ez dirudi egoerak hobera egin duenik– Estatu espainiarreko biztanle bakoitzak 0,70 euro baino ez zituen gastatu, europarren per capita gastua 13 eurora iritsi zen bitartean.

Joandako urteotan BM mugimendua moteldu izanaren arrazoiak bi dira: batetik krisialdi ekonomikoak eragin nabaria izan du, gainerako sektoreetan bezala, eta bestetik, herri-administrazioek ez dute lehenago adina laguntza eta baliabide eskaintzen proiektu berriak burutzeko.  Beste alde batetik, ordea, baikortasunerako zantzuak ere nabari dira, hala nola azken hiru urteotan denda konbentzionaletan BM ziurtagiria daukaten produktu dezente saldu direla.

Zer da Bidezko Merkataritza?

Baina… zer da zehazki BM? Esan dezakegu Bidezko Merkataritzak egungo merkataritza ereduaren alternatiba izan nahi duela. Begibistakoa da gaur egungo sistema ekonomiko eta komertzialaren helburu nagusia ahalik eta irabazirik handiena lortzea dela, ahalik eta denborarik laburrenean, horretarako pertsonak esplotatu eta ingurumenari kalte latza egingo bazaio ere.



BMk, ordea, irizpide ekonomiko hutsen gainetik, oso kontuan hartzen ditu pertsonen eta herrien balio etiko, sozial eta kulturalak eta, aldi berean, ingurumena zaintzen du. Beste era batera esanda, pertsonen zerbitzura dago. Bidezko merkataritza ez da laguntza bat, oraindik askok hala uste badute ere: jarduera komertzial bat da, baina ikuspegi etiko eta transformatzaile batetik egina.

Bidezko soldatak eta lan baldintza duinak, berdintasuna...

Aipatu irizpideotan lehena bidezko soldatak eta lan baldintza duinak izatea da. Umeen esplotaziorik ez dela izan ziurtatuta egon behar du. Emakume eta gizonen arteko berdintasuna ere irizpide da, hala nola ekoizleen ahalduntzea, eta ekoizpen prozesuak ingurumena errespetatzea. Irabazien zati bat komunitatearen garapenean inbertitu behar da, hala nola hezkuntzan edo osasunean, eta merkataritza harremanan epe luzerako izan behar dira. Jakina, produktuak kalitatezkoak izan behar dira.

Kontsumitzaileontzat ezinezkoa da puntu horiek guztiak betetzen diren jakitea. Hainbat erakunde daude horretarako, eta bi nagusiak WFTO (Worl Fair Trade Organization) eta Fairtrade International dira. Horien zigiluak bermatzen du produktua Bidezko Merkataritzakoa dela.



Ekoizleei dagokienez, mota askotakoak daude. Izan daitezke familiak, izan daitezke kooperatiba txikiak, edota emakume taldeak eta ezinduentzako lantegiak. Ekoizle talde txikiak biltzen dituzten tamaina handiagoko kooperatibak ere bai. Guztira, 2.000 erakunde ekoizle daude munduan, Afrika, Asia, Latinoamerika eta Karibeko 75 herrialdetan banatuta. Mundu osoan bi milioi lagun inguru ari dira sektore honetan.

Ekoizlearen eta kontsumitzailearen artean zubia egotea ezinbestekoa da, batak ekoiztutakoa bestearen eskuetara ailegatuko bada. Inportatzaileen eta denden zeregina da hori. Munduan 500 erakunde inportatzaile baino gehiago daude; ekoizleekin batera prezioak adosten dituzte, aholkularitza eta prestaketa ematen eta aurrefinantzaketa eskaintzen. Ondoren, produktuak garraiatzeaz eta banatzeaz arduratzen dira. Kasu batzuetan, lehengaien transformazioaz ere arduratzen dira, esaterako kafea txigortzeaz, txokolatea eta gailetak egiteaz…

Aurrefinantzaketarena alderdi inportantea da. Medicus Mundi Arabako Carmen Biainek azaldu digunez, ekoizle xume askori kate lodia lotzen diete prestamistek: hauek badakite ekoizleek ez dutela bankuaren krediturik lortuko, eta horretaz baliatzen dira hileko %10era iritsi daitezkeen interesak jartzeko. BMren finantziaketak kate horretatik askatzen ditu.

Boluntarioak

Ondorengo pausuan –dendak– ezinbestekoa da boluntarioen lana. Munduan dauden 4.000tik gora dendetako askok boluntarioen lanari esker eusten diote. Dendak Bidezko Merkataritza mugimenduaren bihotza direla esan daiteke, izan ere dendetan lan handia egiten da sentsibilizazio eta mobilizazio alorretan. Eta saldu egiten dute, jakina. Zer? Gehienbat kakaoa, kafea, azukrea eta beste elikagai batzuk, baina baita arropa, jostailuak, kosmetika naturala edo bitxiak ere.

Denda hauetako batean –Donostiako Kitzin Caritas– egiten du lan Valentin Olaetxeak, eta garbi dauka oso onuragarria dela BMa, bai ekonomiaren aldetik eta bai gizarte gaietan edo naturari dagokionez. «Arlo askotan ageri dira hobekuntzak. Laguntza teknikoa eta prestaketa dela, finantziazioa, sarean lan egiteko aukera, botere publikoen aitormena… denean. Eta arreta berezia eskaintzen zaie emakumeei, haientzat zailago da eta ordaindutako lursail bat eskuratzea, lurrak jabetzan izatea edo mailegu bat lortzea.

Umeen lanaren kontua ere aipatzekoa da. WFTO eta Fairtrade Internationalen zereginetako bat horixe da, ziurtatzea umeek ez dutela egiten haien hezkuntzaren, osasunaren eta ongizatearen kontrako lanik. Bestelako kontua da, ordea, ume edo gaztetxo batek eskolako orduetatik kanpo lanaldi labur batez familiari etxeko martxan edo nekazaritzan laguntzea. Hori onartuta dago BMn.



Euskal Herrian lehenengo BM denda ireki zenetik –aipatutako Donostiakoa– asko dira Bidezko Merkataritzaren aldeko lanean ari diren talde eta erakunde sozialak, baina Valentin Olaetxearen iritziz oraindik ere bide gehiago ireki beharra dago BM ezagutarazteko eta produktuak banatzeko. Gainera, «era honetako proiektuentzako laguntzak murriztu egin dira, erakunde publikoek beren lehentasunak dituzte eta. Dena den, askotan borondate politikoa dago tartean eta gobernu aldaketa batek erabat alda dezake egoera» diosku Valentinek.

2013 urtera arte EAEko gobernuz kanpoko erakunde (GKE) gehienak Euskadiko Bidezko Merkataritza Taldean koordinatu dira eta Lakuako Gobernuarekin sinatutako hitzarmenei esker hainbat egitasmo gauzatu dituzte. Une honetan, eskualde edo herrialde bakoitzean ari diren taldeen artean egiten da elkarlana, batez ere ekintza puntualei begira, adibidez BMren Nazioarteko Eguna. Aldi berean, Hego Euskal Herrian ari diren talde gehienak Bidezko Merkataritzaren Estatuko Konfederakundean sartuta daude.

Erosketa etiko eta kalitatekoa

Nazioartean 1994an Munduko Denden Europako Sarea sortu zen (NEWS) eta Europan, bederatzi herrialdetako hamaika inportatzailek EFTA sortu zuten 1987an, haien arteko koordinazioa eta lankidetza sustatzeko. Medicus Mundiko Carmen Biainek dioenez, arlo honetan lanean ari diren erakundeen artean badira ikuspuntu desberdinak zenbat konturi buruz, adibidez saltoki handietaz baliatzeaz BM produktuak saltzeko, zertifikazio zigiluez… baina adostasun puntuak bilatzen saiatzen dira BMk indarra har dezan.

Hain indibidualista eta berekoi bihurtzen ari zaigun gizarte honetan, nik zer egin dezaket? galdera egiten badiogu geure buruari, Bidezko Merkataritza sostengatzea izan daiteke erantzunetako bat. Herrialde txiroetako ekoizleen bizi-maila hobetzeaz gain, kontsumitzaileoi erosketa etikoa eta kalitatekoa egiteko aukera ematen digu.