NAIZ
ERROMA

Europara iritsi nahi zuten zazpi etorkin hil dira eta beste 500 erreskatatu ditu Italiako Marinak

Italiako itsas armadak 500 migratzaile erreskatatu ditu eta beste zazpi gorpu atera ditu uretatik. Libiako kostaldetik 18 miliara hondoratu da erabiltzen ari ziren ontzia.

Italiako itsas armada, atzo, erreskate operazio batean. (Gabriel BOUYS/AFP)
Italiako itsas armada, atzo, erreskate operazio batean. (Gabriel BOUYS/AFP)

Ohar bidez itsas armada italiarrak jakinarazi duenez, ‘Bettiga’ itsasontzia laguntza ematera zihoala hondoratu da migratzaileak erabiltzen ari ziren ontzia.

Bertan zihoan jende kopuru handiaren eraginez irauli da ontzia, Libiako kostaldetik 18 miliara, nazioarteko uretan.

Armadaren ‘Bergamini’ ontzia ere erreskate lanak egitera gerturatu da, eta momentuz ez dute xehetasun gehiagorik eman.

Itsas armada desagertuta egon daitezkeen pertsonen bila segitzen du.

Azken 48 orduotan, erreskate lanak koordinatzeko ardura duen Kostako Guardiak jakinarazi duenez, 5.600 lagun erreskatatu behar izan dituzte.