@gara_miantzi
TOLOSA

Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ren heriotza argitzeko bide berri bat ireki da

40 urte joan dira Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ 22 urteko gaztea, ETA (pm)-ko militantea hil zenetik. Zaurituta eta guardia zibilez inguruatuta ikusi zuten azkenekoz, eta handik hilabetera agertu zen bere gorpua. Senide eta lagunek txosten bat osatu dute, zer gertatu zen argitzeko bide berri bat irekitzen duena.

Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ren senide eta lagunak izan dira Tolosako agerraldian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)
Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ren senide eta lagunak izan dira Tolosako agerraldian. (Juan Carlos RUIZ / ARGAZKI PRESS)

40 urte joan dira Jose Bernardo Bidaola ‘Txirrita’ 22 urteko gaztea, ETA (pm)-ko militantea hil zenetik, erakundeko beste bi kiderekin –Borda eta Tala– eta mugalari batekin –Iñaki Hernandez– muga pasatzen saiatzen ari zela, Etxalarretik Sarara, Lizaieta mendian barna.

Ezustean Guardia Zibilekin egin zuten topo eta tiroketa gertatu zen. Bordak eta Talak ihes egitea lortu zuten, Hernandez atxilotu egin zuten, eta Txirrita hankan zauriturik ikusi zuten azkenekoz, Guardia Zibilez inguratuta.

Handik hilabete eta lau egunetara aurkitu zuten bere gorpua, tiroketa gertatu zen lekutik hurbil.

Ez dago argi zer gertatu zen eta Tolosako Kultur Etxea leporaino bete da hainbat lagunen artean osatu duten txostenaren berri jakiteko. Txosten honek gertatu zenaren pasarte berriak azpimarratzen ditu eta bide berri bat irekitzen du ikerketarako eta egiara iristeko bidean aurrera egiteko.

Ander Lizarralde gaztea, Iñaki Egaña historialaria, Iñaki Hernandez, Borda, Tala... hainbat pertsonaren lan handiari esker osatu da txostena. Oraindik behin behinekoa, informazio ofizial garrantzitsua falta dutelako oraindik.

Tolosako eta Lizartzako alkateen eta zinegotzien babesa dute (‘Txirrita’ Lizartzan jaio zen 1953an, eta 14 urte zituela Tolosara joan zen bizitzera familiarekin batera). Senideak ere izan dira ekitaldian, tartean Jexux anaia eta ilobak. Txostena osatu dutenei eta hemen bildu direnei eskerrak eman dizkiete.

Borda eta Talak hunkituta adierazi duten bezala, hari honi tiratzea da orain egin behar dena, egiara iritsi arte.

Bihar GARAk erreportaje zabala argitaratuko du honen inguruan.