NAIZ
BILBO

‘Prototipoak’, forma artistiko berrien topaketa, gaurtik aurrera Azkuna Zentroan

Azkuna Zentroak Forma Artistiko Berrien Nazioarteko Topaketa antolatu du maiatzaren 25etik 28ra arte, ‘Prototipoak’ izenburuarekin. Topaketa honek  ‘3, 2, 1. Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketa' programari jarraipena eman nahi dio, hiru urtez, arte eszenikoez bete zuen topaketa.

Prototipo programaren aurkezpena Azkuna Zentroan. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)
Prototipo programaren aurkezpena Azkuna Zentroan. (Marisol RAMIREZ / ARGAZKI PRESS)

Nazioarteko topaketa honek formatu artistiko berriak hurbildu nahi ditu herritarrengana, «ezohiko espazioak erabiliz eta erkidegoarekin batera sortutako prozesu artistikoen bidez», gaurko prentsaurrekoan adierazi duten moduan.

Oraingoz, lehenengo prototipoa baizik ez da izango, baina etorkizunean, «nazioarteko eta erkidegoko bokazioa duten ikusleen eta artisten arteko harremanei bide emango dien ingurunea izan liteke».

Honela, ‘Prototipoak’ programak herritarrengana hurbildu nahi ditu formatu artistikoak, ezohiko espazioak erabiliz. Baina, horrez gain, «herritarrak artistengana eta artisten proposamenetara hurbildu» nahi ditu aldi berean.

Azkuna Zentroan izango den programa hau bi urtean behin bienal moduan egingo da eta egituratzeko, Rosa Casado, Xabier Erkizia, Javier Duero eta Mateo Feijóo komisarioak aritu dira lanean eta bakoitzak hainbat artista eta proiektu proposatu dituzte. Topaketak bertako zein nazioarteko artista ezberdinen 15 proiektu bilduko ditu, baita hainbat tailer, performance, instalazio, hiri erakusketak eta hiri barruko ibilbide artistikoak.