NAIZ
pasaia

Burgosetik Pasaiara, 18 eguneko Gurdi Bidea egingo dute abuztuaren 31tik aurrera

Abuztuaren 31an Burgosen hasita, irailaren 17an Pasaiako Albaolara iritsiko da Donostia 2016ren barruan kokatzen den Gurdi Bidea ekimena. Albaolan eraikitzen ari diren San Juan baleontziaren erreplikarentzat modu tradizionalean egindako alkitrana eta bikea garraiatuko dituzte.

Gurdi Bidea proiektua aurkeztu dute Pasaiako Albaolan. (ALBAOLA)
Gurdi Bidea proiektua aurkeztu dute Pasaiako Albaolan. (ALBAOLA)

‘Gurdi Bidea: 18 egun Burgosetik Pasaiara’ ekimena aurkeztu dute, Donostia 2016 europar hiriburutasunaren ‘Itsasgileak’ proiektuaren baitan kokatzen dena. Abuztuaren 31n Burgosen hasita eta Araba, Nafarroa eta Gipuzkoa zeharkatuz, San Juan baleontziaren erreplikarentzat modu tradizionalean egindako akitrana eta bikea garraiatuko dituzte.

Idi eta behi menditarrek tiratuko dituzte lehengaiak garraiatuko dituzten hiru gurdiak. Lehengai hauek ontzia kalapetatzeko erabiliko dira gero.

«Historikoki Gaztelaren eta euskal kostaldearen arteko lehengien eta produktuen garraioaren garrantzi ekonomikoa eta, aldi berean, hartatik sortutako herri eta kulturen arteko giza-harremanak balorean jarri nahi dira», azaldu dute antolatzaileek Albaolan egindako prentsaurrekoan.

Baina hau ez da helburu bakarra, honekin behi menditarren arraza desa¡gertzeko zorian dagoela ezagutaraztea ere bilatzen dute.