Gotzon Aranburu

Arkuak, Aralar mendiko altxor ezkutua

Milaka urte daramatza gizakiak Aralar mendian bizitzen, horietako asko artzaintzari emanda. Mendi aberatsa da, basoz, zelaiz eta urez ondo hornitua. Gaur egun ere, milaka ardi ikusiko ditugu larrean Nafarroak eta Gipuzkoak konpartitzen duten lurralde honetan. Erne ibiliz gero, trikuharriak eta harrespilak ere ugari topatuko ditugu. Baina badu Aralarrek sekretu bat, mendiaren barrenean ezkutatua eta oso gutxik ezagutzen dutena: «arkuak», harrizko txabola kupuladunak. Ikerlari tolosar batek, Alberto Gonzalezek, arku guztiak aurkitu ditu eta bakoitzaren ezaugarriak jakitera eman ere bai.

Albertorekin ibili gara Aralarren barrena, arku horietako batzuk bertatik bertara ikusteko eta tolosar honen teoriak ezagutzeko. Izan ere, arkuei buruzko hipotesiak ugariak dira, baina elkarrengandik oso ezberdinak. Barandiaranek ikertu zituen, Telesforo Aranzadik ere bai, baita Fermin Leizaolak ere. Baina azken urteotan inor gutxiren arreta piztu dute, ez azterketari dagokionez eta ez zaintzari dagokionez.

Albiko aparkalekutik abiatu gara Albertokin, lanbropean. Berehala zaparrada bihurtuko da, eta horrek zaildu egiten du bidea mendian barrena: zelaian ondo goaz, baina harri artetik gora egin beharrekoan irristadak bata bestearekin atzetik gertatzen dira. Ondo ezagutzen ditu bidezidor hauek Albertok, eta horri eskerrak, basoan bidea aurkitzea ez baita erraza. «Animo, merezi du», diosku gidak, eta zinez, Domingosare izeneko eremuan lehenengo arkuarekin topo egin dugunean txundituta geratu gara. Hiru bider lau metro dauzka zabaleroan, kanpoko aldetik, eta 2,30 metro altuera. Bataz beste, 0,60 metroko lodiera daukate hormek. Sartzeko atea oso txikia da, metro erdi ingurukoa, baina tentazioa handiegia izan da eta sartu egin gara -ez da egin behar-  barrutik nolakoa den ikusteko.

Oso osorik dago, sabai eta guzti, eta kupularen erdian bi metro inguruko garaiera du, pertsona bat zutik egoteko modukoa. Ilunpea, erabatekoa, sarrera ondoa kenduta. Zer sentitzen ote zuten hemen babesten ziren gizakiek? Alberto energia kontuetan aditua da, eta egin dituen kalkuluen arabera txabolaren erdian egindako su txiki bat nahikoa izango litzateke esparru hau berotzeko.

Oso gertu dago Domingosareko bigarren arkua. Hau ere osorik dago eta bestea baino handixeagoa da. Biak ala biak Jurasiko garaiko kareharriz eginda daude, Aralarreko beste guztiak ez bezala, eta kareharriak ezaugarri bat du: harlauza bihurtzea errazagoa da. Beste guztiak Kretaziko garaiko harriz eginak dira. Fermin Leizaolak “Pyrenaica” aldizkarian 1979an argitaratutako artikulu batean honela deskribatzen du Domingosareko bigarren arkua: «Oinplano borobilekoa eta sasi ganga hemisferikoa. Harri lerro bakoitzak mentsula eran egiten du aurrera, itxiera puntura iristeraino». Leizaolak zioenez, «arkoak, arkuak edo arkupeak deitzen zaizkie» Aralarreko harrizko txabola hauei.

Alberto Gonzalezek ez du maite «sasi kupula» termino hau. Badaki arkitektoek erabiltzen duten hitza dela, baina bere ustez beste bobeda mota bat besterik ez da, herri arkitekturan erabilitakoa, eta beraz xumea. Hau esaten digun bitartean, kezkatuta begiratzen dio txabolari itsatsita hazten ari den pago bati. Zuztarrek arkua hondatuko duten beldur da, indar handiz barrentzen baitira harri artean. Bai Aralarlako arkuak, eta bai Urbasan, Andian edo Errioxan dauden antzeko txabola kupuladunak “harri lehorra”ren teknikaz eginda daude, hau da, kare-morterorik erabili gabe zutituta.

Domingosareko hauek ez dira, seguru asko, Aralarreko arku zaharrenak. Albertok gorako bideari ekin dio berriro, arkaitz artean eta euripean. Arkuen “urrezko triangelura” eramango nau. Izan ere, Albertok osatu duen mapan garbi ikusten da Aralar osoan ez direla berdin hedatzen arkuak; Nafarroako zatian gehiago dira eta zenbait kasutan multzoak osatzen dituzte. Arku handienak dauden triangelu horren erpinetako bat Ttutturre da, bestea Mendi Handi eta hirugarrena Bustintza. Azken puntu honetara ailegatutakoan ikusi dugu sakon batean daudela arkuak, Arregi etxeak izenez ezagunak, eta aurrekoak baino handiagoak direla. Sabaia erorita daukate hiruek, baina halere ikuskizuna aparta da goitik beherantz begiratuta.

Telesforo Aranzadik arku hauek ikertu zituen, justu duela mende bat, 1916an, eta zirrara handia eragin omen zioten, «hain bakanak, primitiboak eta egitura garbikoak» izateagatik. Harriak, ateak, lehioak... denak neurtu eta aztertu zituen. Egindako indusketek ez zuten emaitzik eman, eta berehala galdu zuen interesa, artzain batek esan baitzion bere aitonaren garaian egindakoak zirena, ardien babesleku izateko. Aita Barandiaranek, ordea, Aralarko arkuek mendeetako antzinatasuna zutela iritzi zion, 1970 inguruan egin zituen azterketen ondoren. Gonzalezen iritziz, zaharrenak Erdi Arotik datoz eta berrienak XIX. mendekoak izan daitezke.

Alberto Gonzalezek hiru multzotan banatzen ditu Aralarko arkuak, neurriaren arabera. Txikiak, gizaki bat zutik sartzen uzten ez dutenak dira, eta bere ustez tresnak gordetzeko, abere txikien  kortarako edo ehizarako erabiliko ziren. Neurri ertainekoak, bi metro inguruko altuera dutenak, gizakien babeslekurako erabiliko zirela irizten dio, ekaitzak edo elurteak harrapatuz gero bertan aterpetu ahal izateko bi edo hiru egunez. Aralarren dauden berrogei inguru arkutatik gehienak mota honetakoak dira. Hirugarren multzokoak, hiru metroko garaiera iristen dutenak, etxebizitza izateko eraikiko ziren. Jakina, historian zehar arku horiek denek bestelako erabilerak ere izango zituzten; esaterako, neurri ertaineko horiek ukuilu edo korta ere izango ziren garai batzutan.

Arkuek, Albertoren esanetan, zaintza eta kontrol eginkizuna ere bazuten, kokapen geografikoak erakusten duenez. Lehen aipatu dugun triangelu horren erdian Unako putzua dago, eta begibistakoa da horrelako ur biltegi batek izango zuen garrantzia mendi hauetako biztanleek erabat artzaintzari emanda zeudenean.

Ttutturre eta Mendi Handiko arkuak ikusi nahi genituzke, eta Aralarren are barnerago eta gorago goaz, baina Ilargi Bete harri mitologikoaren parean bertan behera utzi behar izan dugu ahalegina, ekaitza eta laino itxia nagusitu baitira belardi garai hauetaz. Beste baterako geratu dira, hortaz, Argainetako sei arkuak, horien artean beharbada Aralar osoko ikusgarriena. Oso osorik dago eta lau metroko diametroa dauka kanpoz, barrukoa berriz 2,70 metrokoa. Hortik atera kontuak zer nolako zabalerako hormak dituen. Garaiera, 3,70 metrokoa. Atea txiki-txikia, erabat uzkurtuta sartzera behartzen duena. Oraindik ere asko ikertu beharra dago, zergatik ote duten morfologia hau eraikinok.

Ttutturrekoak ere harrigarriak dira. «Mendilerro osoko sofistikatuenak» Alberto Gonzaleren hitzetan. Hiru gela eta ate bakarra duen arkua da azpimarragarriena. Gelak elkarrekin komunikatuta daude, eta gauza deigarri bat: kanpoko atea txikia da -piztiak ez sartzeko?- baina barruko gelak komunikatzen dituztenak nahiko handiak, batetik bestera eroso pasatzeko modukoak. Segurtasunean sentituko ziren, inondik inora, gotorleku honen barruan babesten zirenak. Eremua labirintikoa eta ezkutua da Ttuntturreko hau, ezkuturik bada Aralarren, baina labirintoan barrena asmatzen duenak herri arkitekturako altxorra topatuko du.

Etorkizunaz zer? Bada zerbait egin beharko dela herri arkitekturaren erakusle aparta den ondare hau gehiago hondatu ez dadin. Gaur egun erabat utzita daude arkuak, asko eta asko laharrek eta osinek hartuta. Albertok kontuak aterata dauzka: «Sanferminetako edo Donostiako Aste Nagusiko zezenketa bat kostatzen denarekin arku guztiak konpondu eta zaindu daitezke».