NAIZ

Nairo Quintanak etapa irabazi eta lidergoa berreskuratu du Covadongako lakuetan

Nairo Quintana kolonbiarrak kolpea eman du mahai gainean Covadongako lakuetan argi eta garbi nagusitu eta gero. Etapa bereganatu du Movistarreko txirrindulariak eta atzo galdutako lidergoa berreskuratu du. Ihesalditik zetorren Omar Fraile bizkaitarra laugarren izan da helmugan eta mendiko sailkapeneko lider berria da. (Sailkapenak).

Nairo Quintana izan da indartsuen Covadongako lakuetan. (Jaime REINA / AFP)
Nairo Quintana izan da indartsuen Covadongako lakuetan. (Jaime REINA / AFP)

Covadongako lakuek aspaldiko igoerarik ederrenetakoa utzi dute eta Nairo Quintana izan da txirrindularirik indartsuena. Movistar taldeak etapa kontrolpean eraman du eta kolonbiarrak erremate bikaina eman dio lanari, etapa irabazi, lidergoa berreskuratu eta aurkariei denbora sartuz.

16 txirrindularik osatu dute eguneko ihesaldia. Tartean sartu da Dimension Data taldeko Omar Fraile santurtziarra ere. Bost minutuko aldea izatera iritsi dira, baina Fituko igoera baino lehen Movistar taldeko Imanol Erviti nafarrak eta Rory Sutherland australiarrak jarri duten erritmoak kontrolpean eraman dute ihesaldia.

Hautagai nagusi guztiak elkarrekin iritsi dira azken mendatearen magalera, baina laster izan da lehen berria. Jonathan Castroviejo bizkaitarrak tropela txikitu egin du eta bertan ez zegoen Chris Froome. Hala ere, britainiarrak, ohi duen moduan, bere erritmoa jarri du eta gutxinaka.gutxinaka geratzen joan diren txirrindulari guztiak aurreratu ditu.

Skyko liderraren krisia ikusita, Movistarrek erritmoa gogortu du Ruben Fernandezen eskutik eta Nairo Quintanak eman dio jarraipena erasoarekin. Erasoari erasoarekin erantzun dio Contadorrek, eta biek bidea egin dute. Aurretik zebilen Fraile gurpilera itsasi zaie eta Robert Gesink holandarrak zegoen soilik lasterketa buruan.

Froome atzetik aurrera zetorrela ikusita, Quintanak berriz ere gogortu du erritmoa, Contador lehertu arte. Aise gainditu du Gesink ere eta bakarrik abiatu da etapa eta lidergoaren bila. Gesink izan da bigarren, Froome hirugarren sailkatu da eta beraiekin sartu da igoera izugarria egin duen Fraile ere.

Quintana da lider berria eta ia minutuko errenta du Valverde eta Froomekiko. Bi minututik gora daude Chaves eta Contador biharko atseden egunaren aurretik. Mendiko sailkapenean, Omar Fraile bera da lider berria.