NAIZ
BILBO

Bahman Ghobadi zinemagile kurduak Zinebiren Ohorezko Mikeldia jasoko du

Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiak Bahman Ghobadi zinemagile kurduari emango dio bere 58. edizioko bigarren Ohorezko Mikeldia, zinean egin duen lanaren dimentsio artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kulturari buruzko testigantza aintzatetsiz.

Bahman Ghobadi zinemagile kurduak Zinebiren Ohorezko Mikeldia jasoko du. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)
Bahman Ghobadi zinemagile kurduak Zinebiren Ohorezko Mikeldia jasoko du. (Andoni CANELLADA / ARGAZKI PRESS)

Bahman Ghobadi zinemagile kurduak jasoko du aurtengo Zinebiren bigarren Ohorezko Mikeldia. Saria emateko ekitaldia azaroaren 25ean izango da, Zinebi 58ren amaierako galan, 20:00etatik aurrera, Arriaga antzokian.

1991tik hogei bat film labur eta ertain filmatu ostean, 1998an zuzendari laguntzaile gisa aritu zen Abbas Kiarostamiren ‘Haizeak eramango gaitu’ (Bad ma ra khahad bord, 1999) lanean. 2000n Irango zinemaren historiako lehenengo film luzea aurkeztu zuen Cannesen, ‘Zaldi mozkorrentzako garaia’ (Zamani barayé masti asbha, 2000), eta Urrezko Kamera eta Nazioarteko kritikaren Fipresci Saria lortu zituen.

Zinebiko antolatzaileek «zinean egin duen lanaren dimentsio artistiko garrantzitsua, bere herrialdeko askatasunen aldeko borrokan erakutsitako konpromisoa eta herri kurduaren gizarteari eta kulturari buruzko testigantza» nabarmendu dute.

Gerraren salaketa, borroka armatuek umeen artean dituzten ondorioak, deserrotzea edo betiko balioen ordez kontsumo gizartearen balioak nagusitzea landu ditu bere filmetan, Kurdistango tokiko istorio herrikoiekin uztartuta. Bigarren talde horretan dago ‘Panderoa’ (Daf, 2003) film laburra, Ghobadik dokumentalean zein fikzioan berdin egin dezakeela lan erakusten duen adibide garbienetakoa.

Euskal Herrian ere ezaguna da, gerrari eta haurtzaroari buruzko ‘Dordokek ere egiten dute hegaz’ filmak Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra irabazi zuen-eta. 

Bere egoerak txarrera egin zuen ‘Inork ez daki ezer katu pertsiarrei buruz’ (Kasi az gorbehaye irani khabar nadareh, 2009) errodatu zuenean. Mahmud Ahmadineyad berriro aukeratua izan zen urtean, poliziak Bahman Ghobadi atxilotu zuen Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen Canneseko Zinemalditik itzultzean. Sari hark eman zion aukeraz baliatuz, gogor kritikatu zuen Irango Gobernua, oposizioko mugimenduen kontrako errepresioa zela eta. Adierazpen haien ondorioz hainbat egun igaro zituen atxilotuta.

Gertakari horren ondoren, erbestera joatea erabaki zuen, Mohsen Makhmalbaf, Babak Payami edo Jafar Panahi bezalako zinemagile irandarrek egin zuten bezala. AEB, Alemania eta Turkia artean, Ghobadik hainbat film prestatu ditu, Turkia, Siria, Irak eta Iran artean dagoen lurraldean bizi diren herritar kurduek jasandako errepresio egoerak salatzeko beharrak bultzatuta.

Zinebi 58ren barruan eskainiko diren bere azken lanetan, zinemagileak buru belarri ekiten dio berriro aurretik egindako filmetan erakutsi zuen fikzio eta dokumental nahasketari. Horren adibide da Busango (Hego Korea) eta Sundanceko (AEB) zinemaldien aurreko edizioetan aurkeztu zuen ‘A flag without a country’ (2015) lana.

Halaber, Turkia eta Siria arteko mugan, Siriaren esku dagoen Kurdistanen Europara heldu nahi duten errefuxiatuen abiapuntuetako bat den lekuan dauden kanpalekuetan bizi diren zortzi umerekin filmatu den ‘Life on the border’ (2015) lana ekoiztu du.