NAIZ
DONOSTIA

Txillardegiren aldeko omenaldia egin dute, haren heriotzaren bosgarren urteurrenean

Omenaldia egin diote Donostia Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegiri, haren heriotzatik bost urte igaro direla eta. Era berean, hiriburuko Liburutegi Nagusiari haren izena emateko kanpaina berrartzeko asmoa iragarri dute.

Donostiako Lasala plazan elkartu dira Txillardegi omenduz. (NAIZ.EUS)
Donostiako Lasala plazan elkartu dira Txillardegi omenduz. (NAIZ.EUS)

Bost urte bere ziren atzo, larunbatez, Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» hil zela. Hala, eta heriotzaren urteurrenaren harira, omenaldia egin dute igande honetan Donostiako Lasala plazan, Txillardegi Gogoan ekimenak antolatuta.

Ekimenaren izenean Dani Goñik gogoratu du orain dela lau bat urte Donostiako Udalari Liburutegi Nagusiari «Txillardegi» izena jartzeko eskaera egin zitzaiola, nahiz onartu une hartan proposamenak ez zuela aurrera egin. Gaineratu du, baina, proposamen horri bultzada berri bat emateko aukera dagoela orain, eta honekin bat egin duten hainbat pertsonen zerrendaren berri eman du.

Ekitaldiarekin jarraituz, abestiak eta Txillardegiren zenbait testuren irakurketak tartekatu dituzte. Lore eskaintza egin diote ondoren, eta Liburutegi Nagusiaren sarrerara bertaratu dira ekitaldiari amaiera emateko. Bertan, Txillardegiren bi bilobek kartel bat zintzilikatu dute, herri ekimenaren aldarrikapenaren adierazle. Abestuz amaitu dute ekitaldia.

Txillardegiren heriotzaren urteurren ospakizunekin jarraitzeko, asteazken honetan, 15.30ean, existentzialismoaren mintegi ireki bat egingo dute honen omenez, Filosofia fakultatean.