NAIZ
BILBO

Zornotzatik Igorrera egingo da Gazte Akelarrea, Ernai eta Aitzinaren udaberriko ekimena

Apirilaren 13, 14 eta 15erako Ernai eta Aitzina gazte antolakundeak prestatzen ari diren udaberriko ekimena, Gazte Akelarrea, Zornotzatik Igorrera egingo dute. Berezitasun bezala, martxa eta topagunearen arteko nahasketa bat izango dela azpimarratu dute.

Laugarren urtez, udaberriko ekimena ospatuko dute Ernai eta Aitzina gazte antolakundeek. Kasu honetan, apirilaren 13, 14 eta 15erako prestatzen ari diren Gazte Akelarrea Zornotzatik Igorrera egingo dutela jakinarazi dute.

Berezitasun bezala aipatu dute aurtengo ekimena martxa eta topagunearen arteko nahasketa bat izango dela. Hau da, apirilaren 13ko arratsaldean Zornotzatik Igorrera abiatuko dira arratsaldean, eta gauez iritsiko dira Igorrera, bertan bi egunez egoteko.

Auzolanean eta autogestioan oinarritutako ekimen hau, festa bat izatetik haratago, «hausnarketa, eztabaida eta konspiratzeko gune» bilakatuko dute Gazte Akelarrea. «Eskaintza kultural eta politikoa izango da bertan; hitzaldi, mahai-inguru, tailer, antzerki, kontzertu eta beste hamaika erregai eder».

Aurreko edizioetan bezala, aurtengo ekimenak ere «berebiziko garrantzia» duten hiru zutabe aipatu dituzte: elikadura, eskaintza kulturala eta zaintza, «burujabetzaren aldeko bidean praktika burujabeen aldeko apustua» egiten baitute bi antolakundeek.

«Beraz –azpimarratu dute–, kontsumituko den produktu oro bertakoa izanen da, ekimena egingo den herri zein eskualdekoa batez ere. Bestetik, egitarauko eskaintza kultural osoa herritik eta herrirakoa sortutakoa izango da. Azkenik, ekimena aurrera eramateko milaka gaztek egiten dugun lan bolondres eta militantea zaintzeko apustua egin dugu», zehaztu dute.

Datozen hilabeteotan informazio gehiago ematen joango direla gaineratu dute.