amagoia.mujika@gaur8.info

Durango1936 webgunea

Duela 80 urte baino gehiago gertatu zen. Oraindik, baina, asko dago kontatzeko altxamendu faxistari buruz. Horren jakitun abiatu zen Durango 1936 elkartea testigantzak jasotzera, urte askoan isilik egondako ahotsak orain itzaltzen ari direlako. Asteon aurkeztu dute bilketaren emaitza: Durango1936.org webgunea.

Historia ofiziala irabazleek idazten dute. Eta, galtzaileek, zer egiten dute? Batzuek ingurukoei kontatzen dizkiete bizitako sufrikarioak. Beste batzuk isildu egiten dira, betirako isildu; beldurragatik, bakeagatik, honengatik edo hargatik. Baina kontatzen ez dena ez omen da existitzen.

Horrekin konformatu ez eta 2007. urtearen bueltan galtzaileengana gerturatzen hasi zen Durango 1936 elkartea, 1936ko altxamendu faxistak isildutako ahotsak, itotako minak, gehiegi izan direla jakinda. Aste honetan aurkeztu dute geroztik egindako bidearen emaitza: Durango 1936.org ikus-entzunezko webgunea. Bertan jaso dituzte 75 elkarrizketatik ateratako zortziehun bideo labur baino gehiago, Durangaldean eta Durangon altxamendu faxistaren ondorioz jende gehiegik sufritutakoaren parte bat baino ez. Sortutako ikus-entzunezko bankua aberatsa da testigantzetan eta anitza kontaketetan, gertaerak bizitzeko, gogoratzeko eta kontatzeko modua norberak berea duelako.

Esan bezala, Durango 1936 izeneko elkartea 2007an sortu zen parean helmuga bat jarrita: «askatasunaren eta Euskal Herriaren nazio-eskubideen alde faxismoari aurre egin zioten Durangaldeko herritarrei omen egitea, euren borroka gogorra eta sufrimendu latza ezagutaraztea eta zor zaien ohorea aldarrikatzea». Eta helburu horiekin lanean hasi ziren hainbat testigantza jasotzen, urte askoan isilik egondakoei ahotsa jartzen.

Elkarteko kide den Andoni Barreñaren hitzetan, «urtero hasi ginen ‘Agurrik Gabeak’ izeneko omenaldia egiten, asko eta asko izan baitziren inork agurtu gabe joan zirenak, ez zietelako horretarako inolako aukerarik eman. Eta segituan konturatu ginen haien ondorengoen bizipenak eta sentimenduak ez daudela jasota inon. Gure asmoa ez da historia akademikoa jasotzea, baizik eta bizipenetatik eta sufrimendutik eraiki daitekeen historia jasotzea. Eta lekukotasunak biltzen hasi ginen».

Historia “ofizialak” kontatzen ez dituenak jasotzen ditu aipatu webguneak. Izan ere, zer da historia ofiziala? «Historia ofizialean irabazleak eta galtzaileak egon behar badute, guk ez dugu historia ofizialean sinisten. Ez dugu horretan sinisten, galtzaileak izatea egokitu zaigulako segur aski. Guk galtzaileen istorioak jaso ditugu, horiei ahotsa eman nahi diegulako».

Horrela hasi ziren errepresaliatuen eta haien ondorengoen testigantzak jasotzen, horretarako premia larria sentituta eta helburu garbirik gabe. Hasieratik Durangoko Udalarekin hitzarmen bat lortu zuten eta horren babesean urtero hamar bat grabaketa egin dituzte.

Durango 1936 elkartea errepresaliatu talde batek osatutakoa da eta beren inguruan bazuten testigantzak non jaso. Baina horrez gain urteotan sare modukoa osatzea lortu dute herrian eta jende dezente hurreratu zaie haien sufrimendu historia kontatzera. Bazuten, beraz, nondik hasi testigantzak biltzen. Nabarmentzekoa da, gainera, bilketa lan hori modu boluntarioan egin dutela. «Grabaketak egiten hasi eta berehala konturatu ginen gidoi bat behar genuela. Aranzadiren gidoi bat eta Debagoieneko beste talde batena lortu genituen, eta horiek abiapuntu hartuta gidoi bat moldatu genuen. Gero, noski, elkarrizketatu bakoitzaren arabera ere moldatu behar izan dugu gidoia».

Elkarrizketa guztiak bideoz daude jasoak eta hori faktore garrantzitsua izan da. «Guretzat garrantzitsua zen iruditan jasotzea, hor sentimenduak eta emozioak daudelako eta kontaketa aberastu egiten dutelako», nabarmendu du Barreñak.

«Ez genekien nora iritsiko ginen. Testigantzak biltzen eta grabaketak egiten ari ginen, baina ez genuen buruan gerora webgune bat egingo genuenik. Ez genekien hamar testigantzara iritsiko ginen ere. Eta orain, laurogeitik gora jaso ditugunean, nahiko garbi daukagu ehun testigantza biltzera irits gaitezkeela. Baina orduan ez genekien hori guztia. Genekien bakarra zen testigantza horiek jaso egin behar zirela, jendea oso pozik geratzen zela eta kasu batzuetan inori kontatu gabekoak kontatzen zizkigutela. Esaterako, bada emakume bat frankismo garaian torturatua izan zena eta inori kontatu ez ziona, ezta senarrari ere. Eta konturatzen ginen kasu askotan beren istorioa kontatu eta jendea oso lasai geratzen zela».

Batzuetan, beraz, terapia modukoa izan da kontaketa eta, askotan, zoritxarrez, min handia ematen duen zauri bat irekitzea. «Batzuetan testigantza ematen ari zena negar bizian hasi izan da. Hala eta guztiz ere, gehienek asko eskertu dute galdezka gerturatu izana, aurretik inor ez baitzaie horrela hurbildu, inork ez baitie galdetu pasa zitzaienaz eta sufritu zutenaz».

Bildutakoarekin zer egin

Bildu eta bildu, esku artean laurogeitik gora grabaketa zituztela, zeozer egin beharra zutela pentsatu zuten. «Guk bideo bakoitzaren lau kopia egiten ditugu. Bat elkarrizketatuari ematen diogu –edo berak eskatu adina–, beste bat guretzat izaten da; hirugarrena, Gerediaga Elkartearentzat, eta, laugarrena, Durangoko udal artxiboan uzten dugu. Eta dagoeneko pentsatzen hasi ginen bildutako materialarekin zerbait egin beharra zegoela. Hasiera batean liburu bat genuen buruan eta Unai Iturriagarekin jarri ginen harremanetan. Lehendik ere bagenuen elkarren berri, Unaik –Alex Sanvirekin batera– ‘Udaberririk ankerrena’ komikia argitaratu zuelako. Guretzat proiektu oso garrantzitsua izan zen, belaunaldi berriei gertatu zena gerturatzeko modu ederra. Oso arrakastatsua izan zen. Bagenekien, beraz, Unai gaiarekin sentsibilizatuta zegoela eta ezagutzen zuela eta beregana hurbildu ginen material horrekin guztiarekin zer egin ikusteko».

Unai Iturriagak berehala esan omen zien material hori guztia ez zuela egoki ikusten liburu baterako, webgune baten aukera askoz egokiago ikusten zuela, eta elkartekoek ere segidan ikusi zuten bide hori. «Webgune bat jende askorengana iristeko egokiagoa da, edozein momentutan aldatu edo aberastu daiteke, testigantzak lehen pertsonan entzutea desberdina da...», esan du Barreñak. Elkarrizketatu gehienek primeran ikusi dute webgunearen ideia, nahiz eta gutxi batzuek nahiago izan duten beren testigantza sarean eskuragarri ez jartzea.

Aste honetan bertan aurkeztu dute webgunea jende aurrera, baina badakite aurkezpen hori ez dela ezeren amaiera, hasiera baizik, webgune bat proiektu bizia delako. «Badakigu testigantzak biltzen jarraitu behar dugula, daudenak aldatzen edo moldatzen, sortzen den materiala batzen... Etorkizunean lana izango dugu webguneak martxan segi dezan, inbertsioak ere egin beharko dira. Ez da erraza izango, baina guk proiektua osatzen jarraitu nahi dugu».

Bada Durango 1936 elkarteko kideek askotan errepikatzen duten esaldi bat: «Badakit berandu gabiltzala, baina...». Proiektu hau martxan jarri zutenetik ere oso presente izan dute baldintza hori. Eta datua oso esanguratsua da: webgunean agertzen diren elkarrizketatuen herena dagoeneko hilda dago.

Kontaketa poliedrikoa

Durango 1936.org webguneak badauka tasun oso interesgarri bat: erabat poliedrikoa da. Ahots desberdinak eta gertaera berdinaren inguruko kontaketa oso desberdinak jasotzen ditu, norberak horrela bizi izan zuelako edo horrela gogoratu duelako urteetan barna. «Ez da kontaketa bat edo bestea hobetsi, denak jaso dira. Ez dago tesi bakar bat. Adibidez, Durangoko bonbardaketaren eguna batzuek era batera kontatzen dute, eta, besteek, beste era batera. Bertsioren bat gezurra da? Ez, bakoitzak bere egia duelako. Baina hori ez da garrantzitsua. Garrantzitsua da norberak nola bizi zuen, nola gogoratzen duen eta nola kontatzen duen, hori baita bere egia», gaineratu du Iturriagak.

Bada Durangon gertaera bat ez dena oso sonatua, nahiz eta faxistek askotan eta ozen salatua izan den. 1936ko irailaren 25ean Durangora hegazkin bat etorri eta bi bonba jaurti zituen. Frontoian pilotan ari ziren 17 miliziano hil zituzten. Herritar batzuek, haserre, kartzela asaltatu eta eskuinekoak ziren 22 preso hartu zituzten. Hilerrira eraman eta bertan fusilatu egin zituzten. Epaiketarik gabe. «Bitxia da, gertaera hori askok aipatzen dute, baina ikuspuntu desberdinetatik. Eta kontaketa horietan badaude zenbait gauza kontrajarriak. Elkarrizketatu guztiak agertzen dira gertaera horren kontra, baina bakoitzak kontatzen du ertz desberdinetik. Ikuspuntu poliedriko hori oso interesgarria da», segitu du Barreñak.

Gertaera horrek gogor markatu zuen gerora Durangaldeko zenbait herritarrek sufritu zuten errepresioa eta gertatu ziren zenbait fusilamendu. «Gauza bitxiak gertatzen dira. Omenaldi batean, Eskubiren semeari durangar bat etorri zitzaion eskerrak ematera, Eskubik bere aita salbatu zuelako egun hartako kanposantuko fusilamenduetatik. Eta gauzak nola diren, gero frankistek Eskubi fusilatu egin zuten hilketa horiek egotzita. Durangaldean akaso saiatu dira gertaera horiek ezkutatzen, baina faxistek askotan aipatua izan da eta omenaldi handiak egin dizkiete fusilatu haiei», nabarmendu du Barreñak.

«Durangok bonbardaketa krudelak bizi izan zituen; martxoaren 31n, apirilaren 2an eta 4an. Hirurehun durangar baino gehiago hil ziren eta durangar asko hori estaltzen saiatzen dira. Urte askoan kasik debekatuta egon da horri buruz hitz egitea. Baina inor ez da konturatzen herri bat horrela bonbardatzen dutenean denak direla jomuga? Zaharrak, gorriak, zuriak, umeak... Herria txikitzera etorri ziren, denon kontra egitera etorri ziren. Oso zaila izan da azken 80 urtean durangar askok hori ulertzea».

Durango 1936 elkarteak garbi dauka webgunea ez dela elkartearena, errepresaliatuena eta haien ondorengoena baizik. «Errepresaliatuen biografiak ere jaso ditugu eta asmoa da horiek osatzen joatea, errepresaliatuen ondorengoek haien historia kontatzea eta webgunean zintzilikatzeko aukera izatea. Guretzat oso garrantzitsua da eurek erabakitzea nola nahi duten beren aurrekoak gogoratuak izatea».

Durango 1936 elkarteak martxan jarraitzen du, asko dagoelako egiteko eta berandu baino lehen egin behar delako. Andoni Barreñak aurreratu duenez, «joan den abenduaren 28an Durangoko Udalak adierazpen bat onartu zuen, alderdi politiko gehienen babesarekin, eta batzorde berezi bat sortzea erabaki zen. Udalak eta herriko elkarteek osatuko dute batzordea eta helburua da bonbardaketaren inguruan bide judizial bat hastea».

UNAI ITURRIAGA

«Jende horrek asko barkatu du, akaso gero ere bizi egin behar zelako»

Unai Iturriagak bi urte inguru daramatza Durango 1936 elkarteko kideek jasotako testigantzak txukuntzen eta editatzen. Berak dioen moduan, elkarrizketatuen esanak errepasatzea «nire zaharrak bisitatzea» bezalakoa bihurtu zaio.

«Hasieran enkargua liburu bat egiteko izan zen. Nigana etorri zirenean dagoeneko 60 bat elkarrizketa bazeuden eta nahiko garbi ikusi nuen web orrialdearen aukera. Liburu bat inprimatzen denean hor ezin da aldaketarik egin, ezin da testigantzarik gehitu edo daturik aldatu. Gainera, hainbeste jende elkarrizketatu eta gero beti bada borondatea jende horrek guztiak liburuan presentzia izatekoa. Eta hori oso zaila zen. Baina, batez ere, niretzako erreferentzia bat izan zen ‘ahotsak.eus’ webgunea eta horrelako zerbait egitea proposatu nien; Durangaldean gerrari buruzko testigantzak webgune batean jasotzea. Web orrialde bat moldagarriagoa eta zuzengarriagoa da. Materiala dagoeneko hor zegoen eta ni, nire edizio mailarekin, lanean hasi nintzen».

Azken bi urte hauetan Iturriaga testigantzak errepasatzen eta editatzen jardun da –eta bitartean elkartekoak testigantza gehiago biltzen–. Asteon aurkeztu dute emaitza: 75 elkarrizketa eta kasik bederatziehun bideo labur. «Batzuetan pertsona bakarra da elkarrizketatua eta bestetan, taldean aritzen dira, senitartekoak edo lagunak. Bilaketa egiteko modu bat baino gehiago dago: Elkarrizketatuaren arabera, herriaren arabera, aipatzen duen gertaeraren arabera, aipatzen duen biktimaren arabera... materiala modu desberdinetan sailkatu dugu eta bilaketa era batera edo bestera egin daiteke».

Elkarrizketatu bakoitzaren inguruko material osagarria ere badago; biografia, sententziak, familiako argazkiak, kausa generalak, frankistak herrien jabe egin ondoren egindako epaiketak... «kasu batzuetan informazio osagarri asko dago eta beste batzuetan, apenas. Bideoak ere desberdinak dira, badira 30 segundu irauten dutenak eta badira zortzi minutukoak, kontalariaren eta kontatzen duenaren arabera. Kontuan izan behar da, gainera, jendeak memoriaren arabera berba egiten duela».

Web orrialdean, gainera, dei garbia dago informazio osatu nahi duenarentzat, informazioa zuzendu nahi duenarentzat, testigantza berriak ekarri nahi dituenarentzat... «oso garbi daukagu web orrialde hau beti egongo dela martxan, ez duela behin betiko bertsiorik izango, beti joango baita osatzen».

Zer gutxi dakigun, zer gutxi kontatu den

«Beti interesatu izan zaidan gaia da. Testigantza asko ikusi ditut, eta oso gogorrak, baina asko ikasten da. Bideo elkarrizketak ikusi ahala ohartzen zara zer gutxi dakizun eta zer gutxi kontatu den. Hemen agertzen den jende askori inork inoiz ez dio ezer galdetu. Kasu askotan hildako edo desagertutako errepresaliatu hori egitura politiko eta sindikaletako kidea izan zen eta horregatik zigortua izan zen. Ez alderdirik ez sindikaturik ez da hurbildu, gerora ere, ezer galdetzera. Hori askotan errepikatzen den gauza bat da: ‘Inoiz inor ez da etorri’. Gerraren gordintasuna ere oso agerian geratzen da testigantza horietan. Eta gerraren ondoren etorri zen gerra ostearen laztasuna ere ageri da. Lapurretak, umiliazioak, euskararen gaineko debekua...».

Iturriagaren esanean, web orrialdeak beste erronka bat jartzen du mahai gainean; «1936an hasten da, baina noiz arte luzatzen da? Bada testigantzaren bat 1975. urtera iristen dena. Horregatik diot web orrialde hau ez litzatekeela inoiz amaituta egon behar».

Durangarrak garbi dauka, gainera, ikusentzunezko-bankuan bildutako materialak arlo askotan sortu dezakeela interesa; «historiagileentzat interesgarria da, fikzioa egiteko sekulako materiala dago, errepresaliatuen senideentzat haiek errekonozituak izateko modu bat da, eskoletan erabil daiteke... niretzako sekulako poza izan da web orrialde hau egin ahal izatea eta egiten segitzea. Nire herriari buruz ari naiz eta nire herria hobeto ezagutzen eta ulertzen lagundu dit».

Testigantzak ikusi dituenari segituan sortzen zaio gogoeta: Zenbat isildu den, beldurragatik edo bakeagatik. «Niretzat elkarrizketak ikusita harrigarria da zer errespetuz tratatzen den gaia, zer mira dagoen ondorengoekiko. Are gehiago besteek batere izan ez dutenean. Ez bakarrik gauza potoloak kontatzeko, gauza txikiak kontatzeko ere sekulako kontua izaten dute. Nire ustez, gehiegizkoa. Baina horrek adierazten du nik bizi izan ez dudan errealitatea bat dela. Jende horrek asko barkatu du, akaso gero ere bizi egin behar zelako. Beste aldean ez dago horrelakorik. Oso hizlari gutxi daude jendea izenez kontzienteki aipatzen dutenak. Batzuek norbait aipatzen dute eta kentzeko eskatu dute gerora. Gutxi batzuk badaude, hala ere, izen-abizenez identifikatzen dituztenak erasotzaileak. Baina, orokorrean, ikaragarrizko errespetua dago, itzela».

Testigantzetan, gerraren eta gerra ostearen gordinaz hitz egiten da, baita desjabetzeez eta lapurretez ere, gutxitan agertu den gaia. «Bonbardaketa eta gero batzuk nahiko azkar bueltatu ziren Durangora, eta bere gauzen bila hasi ziren, alferrik gehienetan. Gauza oso miserableak gertatu ziren. Batek kontatzen du etxe batera joan eta koadro bat ikusi zuela paretan, eta oso ezaguna egiten zitzaiola. Horrela konturatu zen bere jaunartzeko koadroa zela. Argazkia aldatu zioten, baino markoa berea zen. Beste batek kontatzen du Durangora bueltatu zirenean auzokoaren alaba ikusi zuela bere erroparekin, eta isilik egon behar».

80 urte baino gehiago pasatu dira ordutik. Gehiegi. Baina orain, behintzat, kontatu ahal izan du.