Jon Ormazabal

Irribarria-Rezustak ez dute errukirik (22-12)

Orain hiru astetik sailkatuta dauden arren, Iker Irribarria eta Beñat Rezustak ez dute euren enpresako kideen errukirik izan eta Elezkano eta Zabaletarekin egin bezala, ez diete batere aukerarik eman Altuna III.a eta Merino I.ari Gasteizen jokatutako partidan.

Gorriek ez dute gupidarik izan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Gorriek ez dute gupidarik izan. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Barriolaren ordez jokatzea tokatu zaio Miguel Merinori eta egokitu ziezaiokeen lanik zailena izan du Villar de Torrekoak; egungo jotzailerik handienei pilotalekurik zailenetako batean aurre egitea. Nolabait, partidaren erdira arte eutsi diote porrot honekin sailkapenean aurrera egiteko aukerarik gabe geratu direnek, baina 11-9koaren ostean ez da partidarik izan. Bi gipuzkoarrek ikaragarri gozatu dituzte pilota guztiak, zulo asko egin dituzte frontoian eta Iker Irribarriak aukerako pilota piloa izan ditu tantoak amaitzeko. Orotara 12 tanto egin ditu Aramako txapeldunak.

Jokin Altuak, bere aldetik, oso behartuta jokatu behar izan du partida guztian eta hala ez dago miraririk egiterik.