NAIZ
BILBO

Unibertsitatez kanpoko hezkuntzako grebaren jarraipen zabala azpimarratu dute

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan gaurko deitutako grebaren jarraipena %75ekoa izaten ari dela nabarmendu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Eskualde gehienetan greba «ia erabatekoa» izaten ari da.

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta, milaka langile atera dira kalera «murrizketa politikak alde batera utzi, lan baldintzak hobetu eta pertsonen eta jendartearen garapen integrala lehentasun izango duen hezkuntza publikoa aldarrikatzera».

Unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 28.000 langile baino gehiago eta Haurreskolak partzuergoko 1.200dik gora behargin zeuden grebara deituta.

Lehen balorazioaren arabera, jarraipena %75etik gorakoa izaten ari da. Eskualde gehienetan jarraipena «ia erabatekoa» dela azpimarratu du sindikatuak. «Jarraipena apalagoa izan da, aldiz, Bidasoa aldean (%60 inguru) eta Bilbo edo Ezkerraldean (%50 inguru)». Haurreskoletan, %85ean kokatu dute jarraipena. 

Greba egunaren aldarri nagusiak honakoak dira, sindikatuek azaldu dutenez: «hezkuntza inbertsioa, alegia, plantilak eta baliabideak handitzea eskatzen dugu; onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea; gelako ikasle kopurua murriztea; soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan... ezarritako murrizketak alde batera uztea; ikasle euskaldun eleaniztunak sortu dituen euskarazko murgiltze eredua garatzea; LOMCE eta Heziberri bertan behera uztea eta hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko oinarrizko tresna izatea».

Bide horretan pausoak ematen has dadila eskatu diote Lakuari eta, hala ez bada, datozen hilabeteotan greba eta mobilizazioen dinamika indartuko dutela ohartarazi dute.

%29,78ko jarraipena, Lakuaren arabera

Lakuako Hezkuntza sailaka %29,78an kokatu du grebaren jarraipena, ikastetxeen %68ko datuak bildu ostean. Guztira 7.135 irakaslek hartu omen dute parte greban, ikastetxe hauetako irakasleen  %48,91. 16:30ean informazio berria eskainiko dute.