NAIZ
DONOSTIA

Martxoaren 31tik apirilaren 7ra hartuko du Donostiak Giza Eskubideen 15. Zinemaldia

30 film luze, 24 film labur eta sei erakusketak osatzen dute Donostiako Giza Eskubidee 15. Zinemaldia. Martxoaren 31an hasi eta apirilaren 7an amaituta, 27 herrialde desberdinetako lanak bilduko ditu.

Giza Eskubideen Zinemaldiaren 15. edizioa aurkeztu dute Donostian. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)
Giza Eskubideen Zinemaldiaren 15. edizioa aurkeztu dute Donostian. (Jon URBE / ARGAZKI PRESS)

Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren 15. edizioa aurkeztu dute, zein martxoaren 31tik apirilaren 7ra ospatuko den. Bertan 27 herrialde desberdinetako 30 film luze, 24 film labur eta sei erakusketa egonen dira ikusgai.

Honetaz gain, filmetako zuzendariekin, protagonistekin eta landuko diren gaien inguruko adituekin solasaldiak ere izanen dira. Antolatzaileek azaldu dutenez, zinemaldia gero eta agertoki eta auzo gehiagotara zabaltzen ari da. «Helburua argia da: gizartearen erronka eta gabezia handiei buruzko ikuspegi kritiko, solidario, aldarrikatzaile eta plurala eskaini eta eragitea».

Modu berean, hiritarren artean «gogoeta, sentiberatasuna eta eztabaida sustatzea» dute xede. Eta, nola ez, «giza eskubideen urraketak salatzea».

Sarrerak eta bonoak bihar jarriko dira salgai. 22 euroren truke, saio guztiak ikusteko bonoa eskura daiteke bihartik aurrera eta saio bakoitzerako sarrerak, aldiz, egunean bertan eskuratu beharko dira 4,5 eurotan.