NAIZ

Errebalidari planto egiteko idazkiak aurkeztu ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak

Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailako ebaluazio diagnostikoei, DBHko 4. mailan etapa bukaerako azterketa eta batxilergoko 2. mailako «selektibitate berria» arbuiatu ditu beste behin Hezkuntza Plataformen Topaguneak. «LOMCEn bertan oinarria duten azterketa hauei planto egingo diegu aurten ere. Hamaika aldiz esan dugu LOMCE ez aplikatzeko konpromisoa dugula eta gaurko agerraldian horretan berresten gara», adierazi dute.

Errebalidari planto egiteko idazkiak aurkeztu ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak. (@Hezk_Topagunea)
Errebalidari planto egiteko idazkiak aurkeztu ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak. (@Hezk_Topagunea)

Gaurko agerraldian, hauen aurrean planto egiteko erabiliko dituzten bitartekoak aurkeztu ditu Hezkuntza Plataformen Topaguneak. Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailakoen kasuan, «familien objekzio idazkia» erabiliko dute. «Ez dugu baimenik ematen gure seme/alabari 3. edo 6. mailan egin nahi den azterketa edota diagnosi froga egin diezaioten», dio idatziak. Era berean, ikastetxe horretako ordezkaritza ere kontra agertzen dela adieraztera animatzen dute. 

«Ikasturte hau LOMCEren araberako ebaluazio sistema osoaren aplikaziorako urtea da. Gure ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako 3.eta 6. mailako ebaluazio diagnostikoak ditugu; DBHko 4. mailan etapa bukaerako azterketa eta 2. Batxilergoan selektibitate berria. Bete betean LOMCEk agintzen duen ebaluazio sistema osoa dago indarrean Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako ikastetxeetan», gogorarazi du Hezkuntza Plataformen Topaguneak.

Lakuako sailburu Cristina Uriarte eta nafar sailburu José Luis Mendozari inongo informaziorik ez ematea leporatu dieta. «Berriz ere, gure ikastetxeetan ezinegona da nagusi. Noraezean gaude azterketa hauek zein egunetan, zein baldintzatan, zein ikasgairen arabera…egin nahi dituzten jakin gabe», adierazi dute.

«Hezkuntza eragile eta herritar guztiei hezkuntzaren gaineko ardura hartu dezaten deia luzatu nahi diegu. Ikusi dugu aste honetan Euskal Herriko hiriburuak jendez bete direla gehiengo sindikalaren eta ikasle mugimenduaren greba deialdiei jarraituz. Gure ustez, mobilizazioekin jarraitzeko hamaika motibo izaten jarraitzen dugu, beraz, eragile guztiei herri plataformekin batera mobilizatzeko enplazamendua luzatu nahi diegu guztion artean inposizioei aurre egin eta hezkuntza sistema propioa eraikitzen jarraitu dezagun», gehitu dute.