NAIZ

1.190 pertsona erreskatatu dituzte azken orduetan Mediterraneoan

Zazpi ontzitan zihoazen bidaian 1.190 lagunak, Mugarik Gabeko Medikuek eta SOS Meditarranee GKE-ak Mediterraneoan noraezean zirela erreskatatu dituztenean. Siziliako kanalean barrena, Italiara heltzea zuten xede erreskatatuek.

Italiako kostazaintza lanetan diharduten zerbitzuek Efe albiste agentziari emaniko datuen arabera, 1.190 dira azken orduetan Mediterraneoan erreskatatu dituzten pertsonak, zazpi itsasontzitan sakabanatuta itsasoan noraezean zirenean.

Hauetatik 412 egurrezko txalupa bakarrean bilduta zirela gaineratu dute aipatu Mugarik Gabeko Medikuek eta SOS Mediterranee erakundeak, eta guztiak «Aquarius» txalupan sartu dituzte. Erreskate lanek sei orduko iraupena izan dute eta Mugarik Gabeko Medikuen «Prudence» itsasontziaren laguna ere izan dute. Bertan 1.000 pertsona sartu daitezke.

Mugarik Gabeko Medikuek sare sozialen bidez zabaldu dutenez, erreskatatuetako bat behintzat aurkitu duten ontzian bertan hil da, ahuldadeak jota.

Migrazioen Nazioarteko Erakundearen arabera 25.170 pertsona iritsi dira 2017 honetan zehar Europako kostaldera, gehienak Italiara. Azken erreskatatu hauek ere Italia zuten jomugan. Azken astean bakarrik 6.000 pertsona iritsi dira.

Gobernu italiarrak egin dituen kalkuluen arabera, 250.000 migrante izan daitezke urtea amaitu aurretik herrialdera iritsi daitezkeenak, iragan urtean baino 70.000 gehiago.