NAIZ

Eroskik eta Diak marka propioak negoziatzeko elkartea sortu dute

Eroski eta Dia taldeek hitzarmena egin dute beren marka propioak negoziatzeko. Hala, Red Libra Trading Services SL sozietatea sortu dute, beren marka propioaen eskaintzan lehiakortasuna hobetzeko eta «kalitatearen eta prezioaren arteko harremana maximizatzeko».

Kontsumitzaileari eskaintzen dioten «kalitate eta prezioaren arteko harremana maximizatu» nahi dute Eroskik eta Diak. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)
Kontsumitzaileari eskaintzen dioten «kalitate eta prezioaren arteko harremana maximizatu» nahi dute Eroskik eta Diak. (Gari GARAIALDE/ARGAZKI PRESS)

Eroski taldeak eta Dia taldeak Red Libra Trading Services SL izeneko sozietatea sortu dute, ohar batean jakinarazi dutenez. Elkarte horren helburua da banatzaile markak hornitzaileekin negoziatzea, horrela kontsumitzaileari eskaintzen dioten «kalitatearen eta prezioaren arteko harremana maximizatzeko».

Sozietate berrian talde bakoitzak %50a izango du eta egoitza Madrilen egongo da. Hasiera batean 53 langile izango ditu, bi konpainietakoak, eta maiatzaren 3an jarriko da abian.

Beatriz Santos izango da sozietate berri honetako presidente ez exekutiboa —egun zuzendari komertziala da Eroskin—, eta zuzendaritza nagusia Dia taldeko Susana Pagesek beteko du.

Oharrean diotenez, elkarte berriak lehiakortasuna hobetu nahi du marka propioaren eskaintzan eta, horrekin batera, bere jardueran behar dituen beste material eta hornigai batzuk eskuratu.

Olioa, arrautzak eta esnea, akordiotik kanpo

Akordio horretatik erabat kanpo gelditzen dira produktu fresko iraunkorrak, hala nola olioa, esnea eta arrautzak.

Bai Eroskik bai Diak merkataritza politika «erabat independenteak» izango dituzte. «Red Libra Trading Services SL sozietate berria proiektu bat da, banaketa markaren efizientzia hobetzeko balioko duena eta etorkizunean bazkide gehiago hartzeko aukera irekia uzten duena», adierazi dute.