NAIZ
Andoain

«Etorkizunean zer esana dugulako» Andoain Esan ekimena aurkeztu dute

Andoain Esan ekimena aurkeztu dute herritarrek, erabakiaren olatuari batu asmoz. Erabakitzea etorkizuneko elkarbizitza «modurik zibilizatuenean garatzeko» ariketa dela gehitu dute. Bestetik, Gure Esku Dagok gogora ekarri du maiatzaren 7an «inoizko galdeketen olaturik handiena» egingo dela 50 herri eta auzo batean.

Andoain Esan ekimena aurkeztu dute gipuzkoar herrian. (Gure Esku Dago)
Andoain Esan ekimena aurkeztu dute gipuzkoar herrian. (Gure Esku Dago)

Andoain Esan taldearen aurkezpena egin dute herri gipuzkoarrean, «herritarrei hitza ematea ahalbidetzea helburu duen dinamika». «Etorkizunaren ortzemugan zer esana eta zer adierazia dugula uste dugulako, eta horretarako eskubidea dugula iruditzen zaigulako», sortu dute taldea.

Gaurko agerraldian adierazi dutenez, «herritarrok erabaki ahal izatea, gure herrian dagoen sentsibilitate aniztasuna kontutan hartzea da, bereizketarik egin gabe». Azpimarratu dute hau «ez doala inoren aurka, guztion alde baizik». Erabakitzeko aukera «aberasgarria» dela adierazi dute.

Etorkizuneko elkarbizitza «modurik zibilizatuenean garatzeko» ariketa dela gehitu dute. «Erronka ez da erraza, aurretik bozkatzeko adinean gauden herritarron %10en sinadura bildu behar baitugu ekimen honi aurre egiteko. Ondoren, kontsulta egunera iristeko prozesuari heldu behar zaio, galdera erabakitzeko prozedura hitzartu, kanpaina egin…», aldarrikatu dute.

50 herri eta auzo bat: maiatzaren 7an inoizko galdeketen olaturik handiena

Bestetik, Gure Esku Dagok, maiatzaren 7an «inoizko galdeketen olaturik handiena» ospatuko dela ekarri du gogora. Guztira 50 herri eta auzo bat batuko dira olatura. Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze batuko dira, Abadiño, Durango, Elorrio, Zornotza Lasarte-Oria, Usurbil, Aulesti, Amoroto, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Lekeitio, Ondarroa, Ziortza-Bolibar, Legutio, Urkabustaiz, Orozko, Arrieta, Bakio, Gamiz-Fika, Gatika, Maruri-Jatabe, Meñaka, Mungia, Barrika, Berango, Fruiz, Gorliz, Lemoiz, Plentzia, Sopela, Urduliz, Aizarnazabal, Azkoitia, Errezil, Getaria, Orio, Zarautz, Zestoa, Zumaia, Zeanuri eta Zubieta.