NAIZ

Jokoan ezer ez duten bi talderen arteko puntu banaketa Kanaria Handian (1-1)

Igarri egin da Kanaria Handian zelai gainean ziren bi taldeek ez zutela ezer jokoan. Maila mantentzeko arazorik gabe biak, eta gehiagorako xederik gabe, neurketa makala jokatu dute Las Palmas eta Alavesek, puntu banaketa sinatuz. [Neurketaren estatistikak]

Neurketa trabatua jokatu dute Las Palmas eta Alavesek. (@Alaves)
Neurketa trabatua jokatu dute Las Palmas eta Alavesek. (@Alaves)

Itxura aldatuta iritsi da Alaves Ligako azken jardunaldietara, egin beharrekoak eginda izango balitu bezala. Itxura hori eman du igande honetan Kanaria Handian jokatu duen neurketan ere. Ez arre ez so, puntu banaketarekin amaitu da neurketa (1-1).

Las Palmasena izan da agintea lehenengo minutuetan, baloia Jeseren oinetara iristen zenean batez ere. Babazorroek, bere aldetik, 23. minutu arte itxaron behar izan dute Raul Lizoainek babestutako atera gerturatzeko; falta jaurtiketa baten ondorioz izan da lehen gerturatze hau.

Joko gutxi izan du neurketak, eta are aukera gutxiago. Lehia egon da neurketaren kontrolarekin egiteko, eta horretan zirela kontraeraso bat baliatu eta bere taldea markagailuan aurrerik jartzea lortu du Boatengek. Hala heldu da neurketa atsedenaldira, 1-0.

Atseden hartzetik bueltan, beharrak aginduta edo, neurketaren kontrola hartu eta gora egin du Alavesek. Toquero izan da mehatxu iturri nagusiena etxekoentzat, baina gola Ibai Gomezek egin du 60. minutuan.

Amaiera bitartean bi taldeek izan dituzte aukerak hiru puntuak eskuratzeko, baina ez da markagailua gehiago mugitu. Aipatzekoa Livajak ikusi duen txartel gorria, zelaira sartu eta hiru minuturen buruan ikusi duena.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasunak NAIZen webgune berezian.