NAIZ
IRUÑEA

Berdinketa Sadarren, aurpegia ematen jarraitzeko (2-2)

Maila galdua izanagatik ere, azken partidura arte lehian jarraituko duela erakutsi du Osasunak igande eguerdi honetan. Bina berdindu dute gorritxoek Sadarren; beste hiru neurketa geratzen zaizkie Lehen Mailan. [Neurketaren xehetasunak]

Aurpegia eman dute Osasunako jokalariek. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)
Aurpegia eman dute Osasunako jokalariek. (Jagoba MANTEROLA/ARGAZKI PRESS)

Hiru neurketa gehiago izango ditu Osasunak Lehen Mailaz gozatzeko igande eguerdi honetan Sadarren Deportivoren aurkako neurketan berdinketa eskuratu ostean (2-2). Jada maila galduta, azken neurketa arte lehian jarraituko dutela erakutsi dute gorritxoek.

Itxurazko maila erakutsi dute etxekoek Sadarren. Ongi sartu dira partidura, eta lehenengo bost minutuak igarotzerako markagailuan aurrea hartzea lortu dute gorritxoek; Steven izan da golegilea.

Golaren ostean, baina, Deportivok hartu du neurketaren kontrola, eta aparteko zailtasunik gabe lortu dute neurketa berdintzea 18. minutuan, Guilhemeren golari esker. Neurketa irekia izan da orokorrean, talde bateko zein besteko atzelarien hutsen ondorioz batik bat.

Bigarren zatia hastearekin batera ere bi taldeek jarraitu dute gol aukerak sortzen, baina Deportivo izan da markagailuan aurrea hartzea lortu duena. 70. minutuan izan da hori, eta Guilherme izan da golegilea bigarrenez.

Osasunak, baina, partida guztiak borrokatuko dituela erakutsi du eta gora egin du berdinketaren bila. 78. minutuan iritsi da neurketa amaiera arte iraun duen berdinketa, Sergio Leonen bidez.

Errepasatu neurketak utzi dituen xehetasun guztiak NAIZen webgune berezian.