GARA
IRUÑEA

Desgaitasuna eta baztertze arriskua dutenentzako laguntzak gora Nafarroan

Nafarroako Gobernuak 12,2 milioi euro bideratuko ditu desgaitasunen bat duten eta baztertzeko arriskuan dauden lagunentzat, 1.700 enpleguri eusteko. Gainera, inbertsioak sustatzeko laguntza deialdia ireki du.

Nafar Gobernuak 12,2 milioi euro bideratuko ditu desgaitasunen bat duten eta baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzako 1.700 enplegu ingururi eusteko. Gainera, bi laguntza deialdi ireki ditu jada pertsona horiek artatzen dituzten erakundeek egindako inbertsioak finantzatzeko: irabazi-asmorik gabeko enplegu-zentro bereziak (EZB) eta gizarteratze eta laneratze enpresak (GLE). Deialdi hauek ez dira 2014tik egin.

Miguel Laparra Eskubide Sozialetako lehendakariordeak eta Paz Fernandez Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko (NEZ) zuzendariak aurkeztu zituzten laguntzok atzo prentsaurrekoan. Nabarmendu zutenez, gizarte kohesioa eta integrazioa lortzeko oinarrizko helburuari erantzuten diote.

EZBei emandako laguntza %10 baino gehiago handitu da joan den urtetik, eta GLEei emandakoa, %28 inguru. Lehendabizikoen xedea desgaitasuna duten pertsonak prestatzea da; bigarrenena, baztertuta dauden edo baztertuta gelditzeko arriskuan dauden lagunak prestatzea, enpresa arrunt batean lan egin ahal izateko. Horretarako, ordaindutako lan-jarduera bat, prestakuntza eta laguntza ematen dituzte.

Laparrak azaldu zuenez, ekonomikoki proiektu bideragarriak dira, ondasun eta zerbitzu lehiakorrak eskaintzen dituzte, eta, horrez gain, funtsezko eginkizuna betetzen dute pertsona horiek gizarteratzen eta lanera sartzen laguntzeko.

Zentro horiek 1.648 enplegu eskaini zituzten iaz, 1.483 enplegu zentro berezietan eta 166 gizarte eta laneratze enpresetan. Aurten EZBetan 1.504 pertsona artatzea da helburua, eta joan den urteko antzeko kopurua laneratze enpresetan.

Diruz laguntzeko jarduerak

Inbertsioei laguntzeko deialdietan izena emateko epea gaur hasi eta ekainaren 26an amaituko da. Inbertsioaren %80raino ordainduko da, erakundeen lehiakortasuna indartu, garapena sendotu, enplegua sortu eta kalitatea hobetzeko xedearekin.

Honakoak dira diruz lagun daitezkeen jarduerak: lokalak egokitzea, eta makina eta tresnak, ekipamendu informatikoak, bulegokoak eta ibilgailuak erostea, besteak beste.