NAIZ
BILBO

Hezkuntzako grebak «oso jarraipen zabala» izan duela azpimarratu dute sindikatuek

Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako unibertsitatez kanpoko hezkuntzan deitutako grebak «oso jarraipen zabala» izan duela nabarmendu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek. Lakuako Gobernuaren arabera, irakasleen artean %43ko jarraipena izan du lanuzteak.

Gasteizen eta Bilbon bezala, Donostian ere manifestazioa egin dute unibertsitatez kanpoko hezkuntzako langileek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
Gasteizen eta Bilbon bezala, Donostian ere manifestazioa egin dute unibertsitatez kanpoko hezkuntzako langileek. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

Martxoaren 22ko eta maiatzaren 16 eta 20ko greba eta mobilizazioei jarraipena emanez, gaurkoan ere milaka langilek lanuzte deialdiarekin bat egin eta murrizketa politiken aurka eta lan baldintza hobe batzuen alde kalera atera direal azpimarratu dute ELA, LAB eta Steilas sindikatuek.

Guztira, ia unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoko 28.000 langile (irakasle, heziketa bereziko langile eta sukaldari eta garbitzaileak) eta Harreskolak Partzuergoko beste 1.200 baino gehiago zeuden grebara deituta Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan.

Aurreko deialdiek bezala gaurkoak ere «oso jarraipen zabala» izan duela azpimarratu dute. «Langileen erabateko gehiengoak bat egin du deialdian jasoriko eskaera eta aldarrikapenekin», azaldu dute.

Eguerdian manifestazio jendetsuak egin dituzte Bilbo, Donostia eta Gasteizen.

«Hezkuntza inbertsioa, plantilak eta baliabideak handitzeko eskatzen dugu. Onartezinak diren behin-behinekotasun mailak murriztea. Gelako ikasle kopurua murriztea. Soldatetan, ordezkapenetan, bajetan, erretiroan... ezarritako murrizketak alde batera uztea», esan dute.

Ikasle euskaldun elenaiztunak sortu dituen euskarazko murgiltze ereduaren garapena aldarrikatzeaz gain, LOMCE eta Heziberri bertan behera uzteko eskatu dute. «Hezkuntzaren merkantilizazioa alde batera utziz, hezkuntza berdintasuna, justizia soziala, integrazio eta gizarte kohesioa bermatzeko tresna izatea» ere galdegin dute.

Aldarri hauekin milaka langile, ikasle eta familiek bat egiten dutela nabarmenduta, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek Lakuari eskatu diote «orain arteko jarrera utzi eta egoera honi irtenbidea emango dien proposamen zehatzak mahai gainean jar ditzala grebara deituta dauden kolektibo ezberdinetan».

Zifren arteko aldea

Ohi bezala, alde nabarmena dago sindikatuek eta Lakuak emandako datuen artean. Gobernuko eledun den Josu Erkorekak.

Erkorekaren arabera, eskolen %79a aztertu dute eta jarraipena %43koa izan da irakasleen artean, %51,79koa hezkuntza bereziko langileen artean eta %46,9koa sukalde eta garbiketako langileen artean.

Haurreskola guztien datuak aztertuta, jarraipena %63,70ekoa izan da, Erkorekaren arabera.

Aurreko grebetan egindako adierazpenen ildotik, Lakuako Gobernuaren bozeramaileak azpimarratu du ez dagoela lanuzte hauek egiteko arrazoirik, EAEn «lan baldintzarik onenak» dituen kolektiboa baita.