NAIZ
ERRENTERIA

Aitzol Gogorzaren askatasuna eskatzeko, «mosaiko erraldoia» egingo dute Errenterian

«Mosaiko erraldoia» egingo dute Errenteriako Zumardian datorren uztailaren 1ean, Aitzol Gogorza herritarraren askatasuna aldarrikatzeko. Era berean, presoari 100.2 artikulua aplikatzea eskatu dute, behar duen tratamendua espetxetik kanpo jaso dezan.

Jatorri eta pentsaera ezberdineko Errenteriako hainbat herritarrek agerraldia egin dute larunbat eguerdi honetan, osasunerako giza eskubidea aldarrikatzeko, Aitzol Gogorza herritarraren egoera dela eta.

Euren kezka adierazi dute Gogorzak bizi duen egoeraz, gaixotasun psikologiko larria eduki arren espetxean mantentzen baitute: «Aitzolen egoera ez dator bat bere espetxeko egonaldiarekin», adierazi dute. «Legearen arabera -gaineratu dute-, larriki gaixo dauden presoek espetxealdi arin bat edukitzeko eskubidea dute, haien gaixotasunarentzat aproposa den tratamendua jaso dezaten».

Onartu dute, ordea, Gogorza espetxetik ateratzeak ez duela gaitz larri bat sendatzea bermatuko, «baina pertsona horrek hobera egin dezan eta bilakaera geldoago bat izan dezan lagunduko du, zalantzarik gabe».

Gauzak horrela, 100.2 artikulua ezartzea eskatu dute: «Giza eskubideen defentsan artisau asko beharko dira. Ezberdinen arteko zubiak eraikiz eta indarrak batuz, hain beharrezkoa dugun eta hainbestetan amestu dugun konponbidea lortuko dugu».

Horregatik, uztailaren 1ean arratsaldeko 18.00etan Errenteriako Zumardian egingo den «mosaiko erraldoian» parte hartzeko deia luzatu diete giza eskubideen alde dauden lagun guztiei.