NAIZ
GASTEIZ

Ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktikoa ezarriko dute EAEko ikastetxeetan

Ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktikoa ezarriko dute EAEko ikastetxeetan Lakuako Gobernuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiek datorren ikasturtetik aurrera. DBHko 4. mailatik aurrera ezarriko da eta nahi duten ikastetxeak atxikiko dira priektura.

Pedro Azpiazu eta Cristina Uriarte, hiru Aldundietako Ogasun diputatuekin. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Pedro Azpiazu eta Cristina Uriarte, hiru Aldundietako Ogasun diputatuekin. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundietako Ogasun diputatuek –JOse Luis Cimiano, Jose Maria Iruarrizaga eta Jabier Larrañaga, hurrenez hurren– aurkeztu dute EAEko ikastetxeetan, DBHko 4. mailatik aurrera, gizarte eta zerga-hezkuntza modulua ezartzeko proiektu bateratua.

Ekimena iruzur fiskalaren aurkako borrokan kokatzen da eta azken urteotan Gipuzkoako ikastetxeetan garatzen ari diren esperientziatik abiatzen da. Nahi duten ikastetxeak atxikiko dira egitasmora eta ezarriko dute unitate didaktiko hori.

190.000 euroko inbertsioa egingo dute Lakuako Gobernuak eta Foru Aldundiek; lehenak %50a hartuko du bere gain eta Aldundiek gainontzeko %50a.

Helburuak

Unitate didaktiko honen helburuak dira ekonomiari eta fiskalitateari buruzko oinarrizko ezagutzak hedatzea, ikasleen artean «kontzientziazio fiskal handiagoa bultzatzeko»; EAEko zerga-sistemaren oinarrizko ezaugarriak eta zerga nagusien egitura azaltzea; eta gizartean eztabaida sustatzea iruzur fiskalari aurre egitearen eta erantzukizun fiskala hartzearen garrantziaren inguruan, besteak beste.

Gaur egun, hezkuntza-modulu propioa irakasten du Gipuzkoak bertako 30 ikastetxetan. Hala, lurraldeko hezkuntza-elkarte nagusien eskutik (Kristau Eskola, Ikastolen Elkartea eta BIHE) sortu eta garatu den ekonomiaren eta fiskalitatearen material hori oinarri hartuta eratuko da unitate didaktiko bateratua hiru herrialdeetako ikastetxeetarako.