NAIZ

Garbiñe Muguruza ongi hasi da Roland Garrosen eta lehen garaipena lortu du

Garbiñe Muguruza tenislariak ongi hasi du Roland Garros txapelketa eta ordu eta erdian Francesca Schiavone italiarrari 6-2 eta 6-4 irabazi dio. Bigarren txandan Anett Kontaveit estoniarra izango du aurkari euskal jatorriko tenislariak.

Garbiñe Muguruza, Francesca Schiavoneren aurkako partidan. (Gabriel BOUYS/AFP)
Garbiñe Muguruza, Francesca Schiavoneren aurkako partidan. (Gabriel BOUYS/AFP)

Bera baino hamahiru urte zaharragoa den Francesca Schiavone italiarra izan du aurkari Garbiñe Muguruzak Roland Garros txapelketako lehen partidan eta erraz irabazi dio 2010eko txapeldunari, ordu eta erdian 6-2 eta 6-4ko emaitza lortuta.

Euskal jatorriko tenislaria oso pozik agertu da bere lehen garaipenarekin eta Grand Slam-eko txapelketa batean debuta egitea sekula ez dela erraza nabarmendu du.

«Oso norgehiagoka berezia izan da, bi txapeldun ohi ginen aurrez aurre eta berak ere gogo handia zuen Roland Garrosen irabazteko», esan du Muguruzak, iaz Roland Garroseko titulua irabazi ondoren zeukan presioa kontuan hartuta.

Nolanahi ere, oinak lurrean dituela argi utzi du venezuelarrak. «Mundu guztiak espero du berriz irabaziko dudala eta nik konturatu behar izan dut partida bakoitza gainditu behar dela, iaz egin nuenak aurten ez duela balio», adierazi du Muguruzak partida bukatu ondoren.

Hurrengo aurkaria, Anett Kontaveit

Bigarren txandan Anett Kontaveit tenislari estoniarraren aurka lehiatuko da Garbiñe Muguruza. 21 urte ditu eta munduko rankingean 52.a da. Aurten bere lehen txapelketa irabazi du, Andrezieux hirian.

Muguruzaren aurka duela aste batzuk jokatu zuen eta irabazi egin zion gainera, Stuttgarten.