NAIZ
BILBO

Murrizketen aurka mobilizazioak antolatu ditu Eskubide Sozialen Kartak datozen asteetarako

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioak antolatu ditu datozen asteetarako Bilbon, Donostian eta Gasteizen, diru-sarreren bermerako eta inklusio sozialerako sisteman ematen ari diren murrizketak salatzeko. Gaur elkarretaratzea egin dute Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean, Bizkaiko hiriburuan.

Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean egin du elkarretaratzea Eskubide Sozialen Kartak. (@EskubideenKarta)
Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean egin du elkarretaratzea Eskubide Sozialen Kartak. (@EskubideenKarta)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deituta elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bilbon, Lakuako Gobernuaren egoitzaren aurrean, batetik diru-sarreren bermerako eta inklusio sozialerako sisteman egiten ari diren murrizketak salatzeko eta, bestetik, ekainerako mobilizazio egutegia aurkezteko. ‘Babes sozialerako sistema publiko propioa orain’ lelopean egin dute kontzentrazioa.

Plataforma horretako ordezkari Isabel Ormaetxeak adierazi duenez, beldur dira Lakua prestatzen ari den erreformak diru-sarreren bermerako errentan murrizketa gehiago ezarriko ote dituen eta hura eskuratzeko baldintzak gogortuko ote dituzten.

Errenta hori jasotzen dutenen aurkako «kriminalizazio kanpaina» ere salatu du eta hatz-marka digitala ezartzeko asmoa ere gaitzetsi du. «Ez dira gaizkileak, oso gaizki pasatzen ari den jendea baizik». 

Diru-sarreren Bermerako Errenta jasotzen duten %50 inguru lanean ari dela gogora ekarri du, eta arazoa «soldata baxuetan eta lan baldintzen prekarizazioan» dagoela nabarmendu du.

Egoera horren aurrean, Eskubide Sozialen Kartak mobilizazioaren beharra ikusten du eta datozen asteetarako egutegia antolatu du. Hala, ekainaren 5ean, 14an, 22an eta 29an mobilizazioak egingo dituzte EAEko hiru hiriburuetan.