Amalur ARTOLA

Aita Donostiaren azken obra ezezaguna berreskuratu dute

Aita Donostiak 1954. urtean, hil baino bi urte lehenago, idatzitako obra berreskuratu du Josu Okiñena ikertzaile eta pianistak. Obra, ‘Andante Doloroso’, garaian idatzitako pieza moderno eta berritzaileenetakoa dela ziurtatu dute.

Aita Donostiak pianorako eginiko azken pieza da ‘Andante Doloroso’, 1954an, hil baino bi urte lehenago, idatzia. Josu Okiñena pianista eta ikertzaileak jatorrizko eskuizkribua berreskuratu eta gaur aurkeztu du jendaurrean, Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren egokitzan egindako agerraldian.

Okiñenak ziurtatu duenez, «Aita Donostiaren maisulana dugu eskuartean; euskal konpositoreak pianorako eginiko azken pieza». Garai hartan, Estatu espainolean idatzitako pieza berritzaile eta modernoenetakoa dela ere nabarmendu du: «Lan abangoardista, ezbairik gabe, kalitate itzelekoa eta bere garairako oso berritzailea. ‘Andante Doloroso’ garai guztietako musika-altxor bat da», esan du.

Hamarkada horietan euskal konpositore gehienak «folkloreko abestiak armonizatzen» ari ziren bitartean, Aita Donostia haratago joan eta inpresionismoan sartzen ari zela ere nabarmendu du, eta Maurice Ravel-ek hartutako bidearekin alderatu du, «haren tradizioaren bidetik» joan zela esanaz.

Jatorrizko eskuizkributik abiatuta pianorako partitura ere editatu dute, eta baita bideo bat ere. Bertan, Okiñena bera agertzen da pieza interpretatzen.

Horrez gainera, pieza hau, Aldave, Garbizu eta Lombideren beste zenbait piezarekin batera, CD formatuan ere argitaratuko dutela aurreratu dute, ‘Xuxurlak’ izenpean.