NAIZ

Matthewsentzat etapa eta horia berriz Froomen soinean

Lider da berriz ere oraindik Tourra irabazteko faborito nagusia izaten jarraitzen duen Crhistopher Froome, Aruk denbora galdu baitu azken kilometroetan lekua galdu ostean. Etapa Michael Matthewsek irabazi du. 

Matthews helmugan. (LIONEL BONAVENTURE | AFP)
Matthews helmugan. (LIONEL BONAVENTURE | AFP)

Azkarrena helmugan Michael Matthews izan da eta motelena lekua bilatzen Fabio Aru, 27 segundo galdu baititu azken txanpan, nahikoak Chris Froomek berriz ere horia bere soinean janzteko. Izan ere, britainiarra buruko taldean iritsi da Daniel Martin eta Rigoberto Uranekin batera eta Mikel Landak ere segundo apur batzuk galdu ditu helmugan.

Gaurkoaren ostean, beraz, Froome da berriz ere lider eta orain 19 segundora du Fabio Aru Astanakoa. Hirugarren da Bardet Romain eta 4. Rigoberto Uran 29 segundora. Mikel Landak 5. postuan jarraitzen du minutu eta 17 segundora eta Dan Martin du bertatik bertara 1'26"-ra. 

Biharko etapak ere dezenteko jokoa eman dezake eta ikusteke ia sustorik hartzen duen inork. Lehen mailako mendatea dute 28. kilometroan eta 3. mailakoa gutxira. Amaieran beste konkor parea, etaparen amaierarako 30 bat kilometro falta direnean Peyra Tailladeko lepoa igoko dute, lehen mailakoa, eta azken 20 kilometroei heldu aurretik azken konkorra, 4. mailako St-Vidal.

Astelehena atseden eguna izango da eta heldu den astean dena erabakitzeko unea. Asteartekoa pasata bi etapa erabakiorrak. Asteazkenean bi maila bereziko, Croix de Fer eta Gabilier ezaguna; ostegunean lehertzeko moduko amaiera, 40 kilometroren faltan Vars lehen mailako lepoa eta etapa amaiera Izoard kategoriaz kanpokoan. Eta ezer erabakitzeke bada, larunbatean Marseillan 22,5 kilometroko erlojuaren aurkakoa.