NAIZ
BERMEO

Bermeo Izaroraino iristen dela aldarrikatu dute teila jaurtiketarekin

Madalenetan daude egunotan Bermeon eta, urtero legez, herria Izaroraino iristen dela irudikatzeko teila uretara bota du Idurre Bideguren alkateak, «Honaino zabaltzen dira Bermeoko itoginak» esaldiarekin.

Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, teila jaurtitzen. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)
Idurre Bideguren Bermeoko alkatea, teila jaurtitzen. (Monika DEL VALLE/ARGAZKI PRESS)

Aspaldiko tradizioa da teila jaurtitzearena, XV. mendera egin behar da atzera. Mundakarrek eta bermeotarrek auzi txiki bat zuten, batzuek zein besteek Izaro irla eurena zela ziotelako, eta estropada bidez konpontzea erabaki zuten. Proba uztailaren 22an jokatu zuten, Elantxobeko herria epaile zela. Bermeoko trainerua izan zen azkarrena eta geroztik urtero Madalen egunean erritual hori errepikatzen dute eta jai handia izan ohi dute Bermeo, Elantxobe eta Mundakan. 

Gaur ere halaxe izan da eta eguerdiarekin kunplitu du tradizioarekin Idurre Bideguren alkateak eta «Honaino zabaltzen dira Bermeoko itoginak» esaldiarekin herriaren mugak zein diren aldarrikatu du, Izaro irlaren parean, bertan ikurrina eta Bermeoko bandera altxatu eta gero. Ondoren, barkuak Elantxobera joan dira eta han aurreskua dantzatu diete.

Alkatearekin batera izan dira Mundaka eta Elantxobeko udaletako ordezkariak, baita Josu Erkoreka Lakuako Gobernuko bozeramailea, Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusia eta hainbat alderditako ordezkariak, hala nola EAJko Andoni Ortuzar, EH Bilduko Maddalen Iriarte eta ERCko Ferran Civit, beste batzuen artean.

Bidegurenek nabarmendu du Madalen eguna «berezia» dela, «Izaro irlarekin mendeetan izan dugun konpromisoari eutsi diogulako, bermeotarrek jai hau bizi dugun modu bereziagatik eta bermeotarren eta itsasoaren arteko harremanak gure izaeran, tradizioetan eta identitatean zein eragin izan duen agerian geratzen delako».

Festetan errespetuz jokatzeko deia egin du Bermeoko alkateak.