Gotzon ARANBURU

Egun bat Nafarroako mendietan AEKrekin euskaraz bizitzen

Benetako gogoa dagoenean, eragozpenak ez dira hain eragozpen. Euskara ikasteko eta euskaraz mintzatzeko benetako gogoa dagoenean, zer dira ba ekaitzak eta tximistak. AEKren Oinezko Barnetegian parte hartzen ari diren hogeita zortzi lagunek denetarik jasan behar izan dute oinez daramaten aste honetan, bero sapatik euri jasetara, baina animoso asko dabiltza mendian gora eta behera, euskaraz suelto.

Malda eta malda artean, jolaserako astirik ere badute martxako parte hartzaileek. (Gotzon ARANBURU)
Malda eta malda artean, jolaserako astirik ere badute martxako parte hartzaileek. (Gotzon ARANBURU)

Duela astebete abiatu zen Oinezko Barnetegia Areatzatik (Bizkaia) eta hilaren 29an bukatuko da Izaban (Nafarroa). Zazpigarren etapa izan dute ostiral honetakoa ibiltariek, hasi Aralarko Mikel Donearen santutegian eta Arrarats herrian bukatzeko. Joandako egunetan zenbait aldiz larri ibili badira ere, bereziki joan den asteartean ekaitzak bete-betean harrapatu zituenean Aizkorritik behera zetozela, eguraldia lagun izan dute etapa honetan eta lauetarako Otsalarreko bordan ziren denak, pozik asko. Irrintzika iritsi denik ere izan da, Errenteriako Gille hain zuzen ere. Ordu pare bat lehenago bazkalduta zeuden, Ireber mendiko tontorrean.

Euskal herrialde guztietako ordezkaritza dago taldean, gehiengoa bizkaitarra izaki. Gipuzkoar gutxi gerturatzen da. Ipar Euskal Herrikoak lau dabiltza. Badira urte mordo bat daramatenak Oinezko Barnetegia egiten, tokatzen den ibilbidea osatuz; iaz, esaterako, euskal kostaldetik ibili ziren. Beste batzuk aurtengoa dute lehen aldia. Euskara maila ere ezberdina dute ibiltariek, baina bi astez hizkuntzan murgilduta aurrerapena nabarmena izaten da. Azpimarratzekoa da badirela oporretako zati handiena, ia osoa, Oinezko Barnetegian euskaraz bizitzen igaroko dutenak.

Ez da txantxa holako ekimen bat burutzea. AEK-k hiru lagun jartzen ditu dinamizatzaile, mendiko gidari, auto-gidari, sukaldari… denetarik egiten dutenak. Goizero furgoneta motxilaz, lo zakuz, kanpin dendaz, sukaldeko tresnaz eta abarrez sabairaino bete eta etapa bukaerara abiatzen dira, ibiltariak dena prest aurkitu dezaten arratsaldean iristen direnean. Asier Arroita, Maite Ilardui eta Amagoia Santakoloma dira bi astez eginkizun hori dutenak.

Lekunberrin egin dute hamaiketakoa. Eta indarberrituta abiatu aurretik, dantza jolasak egin dituzte, algara batean eta herritarren begirada harritu samarraren pean. Gero, mendian gora. Alde batera Beruete, bestera Arrarats, han joan dira Ireber mendiaren tontorraren bila. Poliki poliki taldeka banatu dira, bidezidorretan gora, baina tontorrera ailegatutakoan, ikusmira berbera eta zoragarria izan dute denek ere; Nafarroako pagadi ederrak oinetan, behe lainoak hartuta tarteka. Motxiletatik ogitartekoak edo tuperrak atera eta gogoz irentsi dituzte jakiak. Tartean, jakina, abestiak, txantxak eta solasaldi sakonak ere bai, beti ere euskaraz.

Dinamizatzaileek egunero jolas ezberdin bat proposatzen dute, baina bada bat aldatzen ez dena: hitz debekatuarena. Atzo eta gaur «bai» eta «ez» izan dira hitz debekatuak… eta ez da erraza, ez, bi horiek erabili gabe mintzatzea. Hanka sartzen azkenak, froga bat pasa behar izaten du: atzo «Ran Rober Ran» dantza egitea izan zen.

Ligatu ere dezente ligatzen omen da, dinamizatzaileek esan digutenez. Ordu asko elkarrekin, gaubelak, tarteka patxaran pixka bat ere bai, kanpin dendak… denak laguntzen du. Baina helburu nagusia hizkuntzan trebatzea da. Esaterako, ibiltarien artean gazteena den Arrate gasteiztarra (27 urte) urtean zehar erabat giro erdaldunean bizi da. Bada bi aste hauetan astindu ederra ematen dio euskarari. Helduenak 60 urteak gaindituak ditu. Oriol katalana da Oinezko Barnetegi gehien egin dituena; euskara ikasten hamasei urte daramatza eta EGA dauka Terrassako euskaldun honek.

Egunean zehar ateratzen dituzten ia argazki guztiak -denak ez omen dira erakusteko modukoak…- Telegram sarera igotzen dituzte, taldekideen artean elkarbanatzeko. Gaur aprobetxatu egin dute kazetariak hemen gabiltzala talde osoko argazkia aterarazteko; ikurriñak, Nafarroako banderak, presoen aldekoak, AEKrenak, estelada katalanak... denetarik irten da motxiletatik. Eta Gilleren eztarritik, beste irrintzi indartsu bat!